Urtero bezala, Plateruena Kafe Antzokia kontzertu handien plaza izango DA. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era ospatuko da aurten, eta gauez izen handiko kontzertuez gozatzeko aukera izango dugu gauero. Parrandarako gogoz bazabiltza, Plateruena da zure lekua!

Rocka izango da aurten Plateruenako eszenatokiaren protagonista nagusia. Puntako taldeak eta doinu indartsuak, ez galdu Azokako gauetako giroa!

Governors taldeak emango dio hasiera kontzertu-maratoiari. Arrasateko taldeak Z.E.R.O. bere lan berria aurkeztuko du Azokan, bere diskografiako bosgarrena. Zalantzarik ez, gerriak dantzan jarriko dituzte!

Bigarren gauean ere Arrasateko eszenarekin jarraituko dugu. Arkada Social taldeak Eromena besarkatzen diska aurkeztuko du. Lehen aldiz, boskoteak euskara hutsez argitaratuko du disko bat eta Azokan izango da, Maukarekin.

Abenduaren 8an, Audience talde gernikarraren txanda helduko da. Isilune luze baten ostean, taldeak Isla lan berria aurkeztuko du.

Azoka amaitzeko egun bi falta direnean, karteleko talde indartsuenetako bat igoko da Plateruenako eszenatokira. Glaukoma Kalima lan berriarekin helduko da Azokako bazterrak nahastera, "Zure kaiola" singlearekin arrakasta lortu ostean.

Kontzertu guztietan, Plateruenako ateak 22:30ean zabalduko dira, eta zuzenekoa 23:00etan hasiko da. Sarrerak http://plateruenasarrerak.eu/sarrerak/sarreren_salmenta_orria orrian eros daitezke.

Azken egunean, ostera, emanaldi bikoitza egongo da. Eguerdiko 13:00etan Zezek Plateruena girotuko du, eta 20:00etan Jabier Muguruzaren kontzertuak azokako egitaraua biribilduko du. Kasu bietan sarrera debalde izango da.

Horrez gain, azokako giroa berotzen joateko, Plateruenak ere gau oso berezia antolatu du abenduaren 5erako. Egun horretan, 21:30etik aurrera EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren aldeko sostengu gaua egongo da. Honako taldeek parte hartuko dute: Sorotan Babies, Sermond´s, MICE eta Pelax.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn