- BBK eta Durangoko Azokaren arteko elkarlanaren ekimenez, aurten "Kultura, guztion eskura" proiektua martxan jarriko da.

- Gaitasun ezberdinak dituzten azokazaleei begira, bisita gidatuak antolatuko dira, Azokak dituen hutsuneei buruzko diagnostikoa egiten hasiko da eta gaur egun arlo honetan Euskal Herrian dauden kultur esperientziak ezagutzera emango dira.

Durangoko Azokak eta BBK-k "Kultura, guztion eskura" ekimena aurkeztu dute gaur, abenduak 1, Bilboko BBK Salan egindako prentsaurrekoan. Egitasmo honen helburua euskal kultura bisitari guztiengana eskuragarriagoa eta irisgarriagoa izatea izango da. Horretarako, aurten lehenengo urratsak ematen hasiko dira.

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxa eta BBK-ko zuzendari orokor Gorka Martinez izan dira aurkezpenean parte hartu duten ordezkariak. Atutxak azaldu duenez, Gerediagak aspaldi egindako kezkagatik sortu da ekimena: "Azken urteetan elkartean izan dugun kezka bati erantzunez dator. Zelan irisgarri egin euskal kultura gaitasun ezberdinak dituzten pertsonei? Zelan gozarazi sormenaren lurraldeak eskaintzen dituen bizipenak?".

Kezka horri erantzunez, hainbat jarduera antolatuko dira 52. edizio honetan. Hasteko, gaur egun eremu honetan lan egiten duten kultur esperientziak ezagutzera emango dira abenduaren 7an, osteguna. Hitzaldi formatuan izango dira, abenduaren 7an, 17:00etan Areto Nagusian. Honako esperientziak aurkeztuko dira:

- Manos K Rien kultur talde artistikoa. Donostian zeinu hizkuntzen arte jaialdia antolatzen dute.

- Kukai Dantza Taldea, "Bizikidantza" izenburupean dantza tailerrak eskaintzen dituzte, integrazioa landuz.

- Bilboko FormArte, sormen artistikorako formakuntza zentroa.

- Irakurketa Erraza mugimendua.

Horrez gain, Durangoko Azokako egitarauan badira beste bi ekitaldi, sorkuntza lan, ekimen honekin zerikusia dutenak:

- "Ezberdintasunean hezi" film emanaldia (abenduaren 6an 14:30ean Irudienean) eta Telmo Iruretaren "Minus ukittua" mikroantzerkia (abenduaren 9an 12:30ean eta 19:30ean).

Bestalde, BBK-k Landakon izango duen erakusmahaian braillez euskaraz dauden liburuak erakutsiko dira, eta Irakurketa Errazerako moldatu diren lanak ere ikusgai egongo dira.

Azkenik, hirugarren ekintza bat ere egongo da. Bisita gidatu bereziak antolatuko dira gaitasun ezberdinak dituzten pertsonekin. Talde txikietan antolatuko dira eta Azokak ere dituen gabezien inguruko diagnostikoa egin ahal izango du, zuzenean bisitariengandik iritzi eta ekarpenak jasoko dituelako. Horrela, hurrengo edizioetan, azoka inklusiboago bat egiteko urrats sendoagoak eman ahalko dira.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn