- Sormenaren Lurraldeak goizeko 10:15ean zabalduko ditu ateak, Martxel Rodriguez dantzariaren ikuskizun batekin, bost eguneko kultur maratoiari hasiera emanez.

- Inaugurazio-ekitaldia 12:00etan izango da Areto Nagusian. Bertan izango dira Gerediagako presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Bingen Zupiria, besteak beste.

- Egitarau oparoa egongo da lehenengo egunean: Ele!, Sistiagaren "Impresiones en la alta atmosfera", Rafa Rueda, Gamer gela, Miren Gaztañaga, Mokotxiki, 30 urte Irrigintzan, Governors, Yogurinha Borova, Estitxu dokumentala...

Egun bakarra baino ez da falta Durangoko Azokako 52. edizioa hasteko, eta dena prest dago jada Landako Gunean eta Azokako gainontzeko zortzi espazioetan. Sormenaren lurraldeak 240 stand, 400 nobedade eta 200 ekitalditik gora izango ditugu kulturzale eta euskaltzaleentzat. Jadanik 120 kazetari baino gehiago akreditatu dira Azokaren jarraipena Landakotik egiteko. Egitarau gaurkotua hemen kontsulta daiteke.

Landako Gunearen ohiko ordutegia, urtero legez, goizeko 10:30etik arrastiko 20:00ak arte izango da. Bihar, ostera, ate irekiera ohikoa baino apur bat lehenago izango da, 10:20ean. Martxel Rodriguez dantzariak ikuskizun bat prestatu du ate irekierarako. Rodriguezek Kukai dantza taldean parte hartzen du Oskara ikuskizunean eta azken Max sarietan dantzari onenaren sarirako nominatua izan da.

Inaugurazio-ekitaldia, bere aldetik, 12:00etan izango da. Yolanda Arrieta idazleak eta L'Atelier dantza eskolak elkarlanean "Hasieraren hazia" lana eskainiko dute. Horrez gain, ekitaldian honako ordezkariek parte hartuko dute: Gerediagako presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Unai Rementeria.

Horrez gain, abenduaren 6an ekitaldi ugari egongo dira Azokako gune guztietan. Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 11:00etan Jose Antonio Sistiaga aurtengo kartelaren egileak bere bi lan aurkeztuko ditu: "Impresiones en la alta atmosfera" eta "Paisaje Inquietante-Nocturno". 13:00etan, Estitxuri buruzko dokumentala proiektatuko da.

Areto Nagusian hainbat aurkezpen interesgarri egongo dira. 16:30ean, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 30 urteko ibilbidearen inguruko solasaldia egingo dute. Kabi@n goiz eta arratsaldez bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen Gamer Gela hitzaldi multzoa egongo da. Saguganbaran, kantu jolasak, ipuin kontaketak eta aurkezpenak egongo dira; adibidez, 18:00etan Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak Mokotxiki aurkeztuko dute.

Ahotsenean, maratoiari hasiera emango diote. Zuzenekoen karpan, 11:00etatik 20:00ak arte: Rafa Rueda, Perlata, Beñat Igerabide, Maider Zabalegi... Solasaldietan, Miren Gaztañaga, Yogurinha Borova, Fito Rodriguez, Silvia Federici, Jule Goikoetxea...

Szenatokian, emanaldi berezia izango dute 18:00etatik aurrera: Lauaxeta eta Lorcaren istorioak hizpide dituen Ele! antzezlana. Sarrerak 10 euroan eskura daitezke. Azkenik, gaua Plateruenan amaituko da, Governors taldearen eskutik, 22:30etik. Arrasatearrek ZERO euren lan berria aurkeztuko dute.  

Horrez gain, Durangoko Azokak hirugarren urtez doako autobus-zerbitzua antolatuko du Iurretako aparkalekuetatik Landako Guneraino, bisitariei erraztasunak emoteko asmoz. Euskotrenek ere zerbitzu bereziak izango ditu Bilbotik Durangoraino.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn