Azokak bere bigarren eguna biziko du gaur, atzokoan milaka lagunek Landako eta gainontzeko gune guztiak bete ostean. Bigarren egun honetan ere zer ikusi eta zertan parte hartu. Ikasle Eguna ospatuko du gaur Sormenaren Lurraldeak, eta urtero bezala, Euskal Herriko txoko guztietatik ikasleak etorriko dira Azokak antolatu dituen tailerretan parte hartzeko: rap tailerra Ahotsenean, android gailuentzako aplikazioak sortzeko tailerra, zirko literarioa... Szenatokian, Holoque ikuskizun berezia egongo da 11:00etatik aurrera, ordu erdiro, 13:30ak arte. Ologramekin sortutako txotxongiloen ikuskizuna, Diego Caicedok zuzenduta. Ikasle Eguna izan arren, publiko orokorrarentzat ere ateak zabalik egongo dira. Bidaiatu Sormenaren Lurraldera!

Arratsaldean helduentzako tailerrak ere egongo dira, sarrera libreagaz. Hiru jarduera egongo dira. 16:30ean Irudienean bikoizketa tailerra egongo da, Pixer eta Zineuskadiren eskutik. Kabi@n autodefentsa digitalaren hastapenak lantzeko tailerra egongo da, 16:30ean. Azkenik, 17:30ean ibilbide gidatua egongo da Durangoko bonbardaketaren aztarnak ezagutzeko, Gerediagako erakusmahaitik abiatuta. Ordu eta erdiko bisita izango da.

Horrez gain, hamaika jarduera egongo dira gune guztietan. Ahotseneako karpan Aneguria, ETS, Erokomeri, Tenpora, Kalera... Solasaldietan, ostera, Anjel Lertxundi, Jon Maia, Silvia Federici, Iñigo Urdinaga... Areto Nagusian, "Kultura guztion eskura" aurkezpena egongo da, 17:00etan. Bertan, honako aurkezpenak egongo dira: zeinu hizkuntzen arte jaialdia (Manos K Rien), "bizikidantza" dantza integraziorako motore (Kukai), sormen artistikoa sustatzen duen formakuntza zentroa (Bilbao FormArte) eta Irakurketa Erraza mugimendua.

Egunari txapela jartzeko, Arkada Social talde arrasatearrak bere azken diskoa aurkeztuko du Plateruenan, 23:00etan. Sarrerak salgai 10 euroan.

Gogoratu, bigarren egun honetan ere martxan egongo dela debaldeko autobus zerbitzua, Landakotik Arriaundi industriaguneraino, Iurretan. Ibilbidea ikusteko: https://labur.eus/DAautobusarenibilbidea

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn