- Abenduaren 8a ekitaldi interesgarriz beteta egongo da, Azokako gune guztietan. Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa ospatuko da Areto Nagusian, eta Szenatokian "Omentzerik ereitera" ekitaldia antolatuko da, Azokako Sormen Beka berria aurkezteko.

Durangoko Azokako 52. edizioa bere erdigunera heldu DA! Atzokoan Landako eta gainontzeko guneak ikaslez josita egon ziren, eta gaur ere sormenaren lurraldea kulturzalez betetzea espero da. Azokak egitarau potoloa prestatu du gaurko, bidaiatu sormenaren lurraldera!

Irudienean Handia eta Errementari film luzeak izango dira protagonistak. 11:00etan "Handia efektua: zerk mugitzen gaitu?" mahaingurua egongo da, ZineaSortzen atariak antolatuta. 18:00etan, 'Handia' filma ikusi ahal izango da, zuzendari eta aktoreez lagunduta. Sarrerak 5,50 euroan egongo dira salgai, eta Zugaza Zinemen webgunean eros daitezke aldez aurretik. 15:30ean Errementariren txanda helduko da. Lehen irudiak proiektatuko dira, making-offa erakutsiko da eta zuzendari eta aktoreekin hizketaldia egongo da.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa ospatuko da. 12:30ean Jon Garaño zinemagilea eta Katixa Agirre idazlea egongo dira berbetan, Maite Bidartek gidatuta. 18:30ean, "Bidasoako zubia" izango da landuko duten gaia, Hego eta Ipar Euskal Herriko mugak zer nolako eragina duen sormenean, oihartzunean eta abar. Parte hartzaileak Nahia Zubeldia (Lumi), Luzien Etxezaharreta (Maiatz), Jon Eiherabide (Zinegin) eta Ainara Gurrutxaga (Dejabu Panpin Laborategia) izango dira, Nora Alberbidek gidatuta.

Kabi@n Wikipedia Eguna ospatuko dute, hainbat hitzaldigaz eta Wikipedian editatzen ikasteko tailer ireki bat. Saguganbaran hiru ipuin kontaketa egongo dira (Ni neu galtzeta, Lili eta Sorgina txirulina), aurkezpenak (Arraroa, Banilo! eta Jira bueltan) eta Olgeta tailerra.

Ahotsenean, egunero legez, etenik gabeko kontzertu maratoia: Ze Esatek!, Libe, Iker Lauroba, Itziarren Semeak... Solasaldietan ere, izen handiak: Joseba Tapia, Eider Rodriguez, Tere Irastortza, Iñaki Perurena...

Szenatokian 'Omentzetik ereitera' ekitaldia ospatuko da, 20:00etatik aurrera. Bertan, Argizaiola sarien azken 25 urteetako errepasoa egingo da, eta Durangoko Azokak sortuko duen Sormen Beka aurkeztuko da. Ekitaldira joateko gonbidapena izatea beharrezkoa da.

Egunero bezala, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. 22:30ean hasiko da Audience talde gernikarraren kontzertua. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai.

Hirugarren egunean ere debaldeko autobus zerbitzuak martxan jarraituko du Arriaundi industriagunetik (Iurreta) Landakoraino. Ibilbidea ikusteko: https://labur.eus/DAautobusarenibilbidea

Egun hauetako argazkiak ikusteko: https://www.flickr.com/photos/durangokoazoka

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn