Durangoko Azokak hurrengo urtean martxan jarriko duen Sormen Beka berria aurkeztu zuen atzo, abenduak 8, Szenatokia gunean antolatutako ekitaldian. Sormen Beka honek argizaiola sarien lekukoa hartuko du.

Azken 25 urteetan, Gerediagak eta Azokak euskara eta euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonak omendu nahi izan ditu Argizaiola omen sarien bidez. Aurrerantzean, Azoka etorkizunari begira jarriko da, omentzetik ereitera igaroko da, Azokak ere bere hazia landatu nahi duelako.

Gerediagako presidente Nerea Mujikak azpimarratu zuenez, beste 25 urte Argiozaiola ematen jarraitzeko arrazoirik ez da falta: "25 urtez, gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen ahalegindu gara Argizaiola omen sarien bitartez. Ilunean argi egiteagatik Gerediaga Elkarteak bihotzez egindako errekonozimendua izan da. Eta beste hainbeste urtez jarrai genezake eskerrak ematen, eta ziur aski ez genuke sekula amaituko. Baina hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu. Horregatik, batu gaitu gaur Omentzetik Ereitera ekitaldiak".

Beka honen ideia Gerediaga Elkartearen eta Azokaren antolakuntzan dauden guneen arteko elkarlanaren emaitza da. 50. urteurrena mugarria izan zen Azokarentzat, kulturaren plaza etorkizunera begira nola jarri pentsatzen hasi baitzen. Lehenengo urratsetako bat da sormen beka berria: "Askotan esaten dugu Azoka kulturaren plaza dela, azoka merkatua dela, Azoka jaia dela eta orain eragile ere izan nahi dugu sortzaile berriei beren lanak garatzeko aukera emanez. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza, hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte".

Ideia bat nabarmendu zuen Mujikak: "Beka honek gaur hartzaile dena bihar sortzaile izatea ahalbidetuko du. Helburu argi bat daukagu buruan denok: euskal kultura geroratzea".

Bekara aurkeztu ahal izango dira ibilbide luzerik ez duten adin guztietako sortzaileak, bakarka zein taldeka. Disziplinak askotarikoak izango dira, Azokak barnebiltzen dituen guztiak (literatura, musika, zinea, antzerkia...). Bekaren lehenengo deialdia 2018ko irailean izango da, eta urte horretako Azokan jakinaraziko da nor den beka jaso duena, eta 2019ko Azokan izango dugu lanaz gozatzeko aukera. Nerea Mujikak Durangoko Udalaren lankidetza eskertu nahi izan zuen.

Horrez gain, ekitaldian Durangoko Bartolome Ertzilla musika Eskolako hari-laukotearen hiru piezaz gozatzeko aukera egon zen. Dantzerti eskolako Elene Carreto eta Beñat Urrutiak ere dantza ikuskizuna eskaini zuten. Ekitaldia amaitzeko, Aneguria raperak hiru abesti kantatu zituen, publikoaren gozamenerako.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn