• Sortzaileek Azokako guneetan parte hartzeko aukera izango dute beste urte batez. Proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte urriaren 1etik 15era.
  • Azken urteetan bezala, zortzi gune ezberdin izango dira eta, besteak beste, aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak, emanaldiak eta tailerrak izango dira bost egunetan.

aurkezpen epea

 

Durangoko Azoka ez da liburuak eta diskoak erosteko leku soil bat, askoz haratago doa bere izaera; izan ere, Kulturaren Plaza bihurtzen da eta zenbait ekitaldiz gozatzeko aukera izan ohi da urtero-urtero. Egitarau zabala prestatzen da azokako zortzi gune ezberdinetan, hala nola, aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak, emanaldiak, tailerrak eta abar.

Gauzak horrela, urriaren 1ean zabalduko da gune horietan aurkezpenen bat egiteko deialdia eta urriaren 15era bitartean izango dute sortzaileek beren proposamenak luzatzeko aukera. Gune bakoitzak egitarau propioa dauka, eta ondorioz, kudeaketa ere ezberdina da. Dena den, gune gehienetan tarte bat doan uzten zaie liburu, disko, ikus-entzunezko, antzezlan edo proiekturen bat aurkezteko interesa dutenei eta eskaintza ere doakoa izan ohi da, salbuespenak egon arren.

Hona hemen gune bakoitzaren gida laburtxoa:


Areto Nagusia: Aurkezpenetako 20 minutuko tarteak egokitzen dira, eta azokako partaideek eta euskarazko ekoizpenek dute lehentasuna. Hala ere, beste proposamen bereziek ere izaten dute noizbehinka lekua.

Kabi@: Kultura digitalarekin zerikusia duten aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira. Egitarauaren zati bat aurrez definitzen da, baina proiektu zehatzak aurkezteko behar izaten den tartea ere egokitzen da.

Ahotsenea: Sortzaileen gunea da. Bertan izena emateko, deialdia zabalik dagoenean, Ahotsenearen webgunean dagoeneko eskuragarri dagoen fitxa bete eta emailez bidali behar da.
-Ahotsenea Solasaldiak: Euskarazko literatura lanak aurkezteko gunea da eta 25 minutuko aurkezpenak egiteko aukera dute sortzaileek.
-Ahotsenea Zuzenekoak: Landakogunearen alboan, karpapean egokitzen den gunea da. Euskarazko lanak aurkezteko musika kontzertu laburrak dira, 30 minutukoak.

Azoka TB: Azokan gertatzen dena zabaltzeko ikus-entzunezko komunikabidea da, Durangoko Azokaren youtube kanalean ikus daitekeena. Gune honetan ez da aurkezpenik egoten.

Szenatokia: San Agustin kultur gunea da bere kokalekua, oinezko bidean Landakogunetik 5 minutura dago, hain zuzen ere. Antzokia da eta euskarazko antzezlanek edota arte eszenikoekin zerikusia izan dezaketen proposamenek osatzen dute egitaraua. Dena den, aurrez definituta dago egitaraua da eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen.

Irudienea: Landakogunetik 100 metrora dago, Durangoko Zine Zugazan. Euskarazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten den ikus-entzunezkoaren emanaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da.

Saguganbara: Landakogunearen ondoan, Elkartegia eraikinaren hall eta aretoan du kokalekua. Haur eta gazte arloan, arte diziplina ezberdinetako sormen lanak ezagutzera emateko gunea da, beraz, denbora tarteak disziplinetara egokitzen dira.

Plateruena: Landakogune ondoko antzokia da. Azoka egunetan, egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen, antzokiko arduradunek ohiko bideetatik programatzen dute eta ordaindutako kontzertuak dira.


Deialdia zabaltzen denean zer egin

Zure aurkezpena egin nahi duzun gunea bisitatu behar duzu (Azokako webgunean “Guneak” ataletik daukazu sarrera zuzena edota gune bakoitzaren izenburua artikulu honetan klikatuz), eta gune horri dagozkion argibideak jarraitu behar dituzu. Kontuan izan behar dituzun bi gauza:

- Urriaren 1etik 15era egongo da deialdia zabalik.
- Eskaria luzatzeak ez du esan nahi onartua izan dela. Dagokion guneko arduradunaren baieztapena jaso behar duzu, emailez zein telefonoz.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn