Nobedadez eta ekitaldiz josita dator 53. edizioa. Urtero legez, Landako bor-bor izango dugu, azken urtean euskal kulturak eman duen uzta oparoagaz. Landako Gunean 439 nobedade topatuko ditugu 247 stand ezberdinetan: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, haurrentzako ipuinak, poemak, biniloak, argazki-liburuak...

Aurten ere, eta bosgarrenez, autoekoizleek euren espazioa izango dute Durangoko Azokan. Abenduaren 5etik 9ra arte, Landako barruko Goienkale kaleko 61. eta 62. zenbakietan, autoekoizleek euren produktuak eskainiko dituzte. Edizio honetan 17 partehartzaile izango ditugu, euren disko eta liburuak saltzen. Autoekoizle guztiek parte hartuko dute Autoekoizleen Plazan lehenengo aldiz, bakarra kenduta. Eta produktuen artean, aniztasuna izango da nagusi: haurrentzako liburuak, yoga saioentzako diskoa, antiespezismoaren inguruko liburua, argazki-liburua, musika tradizionala, atsotitzak...

Aurtengo Autoekoizleen Plazan parte hartuko dutenak honakoak dira:

Iker Uribe: Ni neu galtzeta liburua. Egunerokotasunaren gora beheretan bakarrik geldituko den galtzerdi baten istorioa dugu hau, hasierako beldurrak gaindituta oztopo guztien gainetik bere ametsaren bila abiatuko dena.

NOR kolektibo antiespezista: Aterpetuak liburua eta Gurean dokumentala. Aitor Garmendia - Tras Los Muros ekintzaileak idatzitako Refugiados liburuaren euskarazko itzulpena. Madrilgo Wings of Heart babeslekuko animalien inguruko argazki liburua da. Horrez gain, dokumentalean Euskal Herriko jaietan animaliek zer nolako sufrimendua pairatu behar duten kontatzen da.

Oskia Karrera: Eskuekin esaten dizut eta Atsotitzak argazkitan liburuak. Argazkiz argazki, hitzez hitz, egunerokoan eskuekin diogun guztia. Gure herriaren izaera eta jakinduria isladatzen duten esaera zaharrak, egunerokotasun irudietan.

Kepa Luzarraga. Itotzeari beldurrez lehortu gara liburua. Itsasertzean gaude, hondarrezko gazteluetan, segurtasunaren gatibu; itsasoa, askatasuna, zeharka begiratuz. Gure barne gatazkak, olatuak bezala, etengabe dabiltza hondarraren kontra borrokan...

Bego Goitia. Kaka dantzaria liburua. Dantzan egin nahi zuen kaka zati baten istorioa. Bere ametsa bete nahi du: antzoki baten dantzan egin jende guztiaren aurrean. Istorio honen atzean hazkuntza pertsonalarekin lotura duten mezuak aurkituko ditu irakurleak, umeentzat zein nagusiarentzat aproposak direnak.

Muted. Krisis 4.0 diskoa. 2003. urtean sortutako taldea, Abadiñon.

Maite Eizmendi. Yoga saioa diskoa. Yoga klase bat da euskaraz, eta klase berbera gazteleraz. Bakoitzak ordu eta erdi irauten du. Musika fondo baten gainean, saioak gidatuta daude.

Ordago Folk. 2daian diskoa. Musika tradizionaleko talde arabarraren 2. diskoa. Disko honetan 10 abesti bildu dituzte. Horrez gain, Ordago Folk taldeak USB bat sortu du, eta bertan Lakrinkon eta 2daian diskoak batu dituzte. 25 abesti, lau bideoklip eta abestien letrak.

Stai Zitto. Bidaia diskoa. Ermuako taldeak rock eta ska doinuak lantzen ditu. Bigarren disko honen helburua taldearen lau urteko bizitza erakustea da, kantu berriak eta zaharrak uztartuz eta soinu osoago bat erakutsiz.

Arando Txiki elkartea. Aita Manuelen ipuinak liburua. Pasai San Pedroko traineruko patroi handiaren figura historikoa azaltzen duen haurrentzako ipuin liburua.

Jose Antonio Recondo Bravo. La 2ª guerra carlista en Gipuzkoa (1872-1876) : Tolosa y San Sebastián : dos modelos contrapuestos liburua.

Pablo Maria Beitia. Moneda de Euskal Herria liburua.

Ane Odriozola. El secreto de Gibola liburua. Nerea izeneko pertsonaiak kasualidadez topatuko du bere famila-baserri bat Legazpin, Gipuzkoan.

Antton Larrandaburu. Antton Larrandaburu & Bitxiloreak diskoa. 2018. urtean sortutako folk-rock taldea. Partehartzaileak honakoak dira: Antton Larrandaburu (ahotsa eta gitarra), Antton Araspin (gitarra), Benjamin Labaka (baxua) eta Miguel Etxeberri (bateria).

Aline Soberón eta Txema Uriarte. Viñetas para el recuerdo : viñetas y dibujos publicados en los periódicos de Bilbao desde las elecciones de febrero de 1936 hasta la caída de la villa en junio de 1937 liburua.

Angel Remirez de Ganuza. Kilku eta hodei-zaindariak eta Koo y los pastores de las nubes liburuak. Horrela hasten da abentura hau... Kilkuk jakin nahi du hodeiak nola sortzen diren, zerk edo nork gobernatzen dituen. Jakinminak bultzatuta, hodei barruan izango da, zerutik munduaren ederra ikusiko du, ekaitzak nola sortzen diren ikasiko...

Blue konpota. Pixkanaka diskoa.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn