Durangoko Azokako 53. edizioa hasi DA! Goizeko 10:30ak heldu direnean ikasle uholde batek hasiera eman dio aurtengo edizioari. Bost eguneko kultur maratoia izango dugu aurretik: 200 kultur ekitaldiz osatutako egitaraua, 247 erakusleiho, 439 nobedade (304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari...).

Euskal Herri osoko ikastetxeetatik heldu dira gaur Azokara, kulturaren plazak antolatu dituen tailerretan parte hartzeko: Poropopoesia Saguganbaran, Liburu bat egingo dut Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkartearen eskutik), Heldu programazioari Kabi@n (JolasMatika EHUko informatika fakultatearen eskutik), Euskal kantagintza kontzertuan Plateruenan (Luhartz musika taldearekin), Musika elektronikoaren ekoizpena Ahotsenea zuzenekoetan (Telmo Trenor musika elektroniko ekoizlearen eskutik), Gaur egungo testuak Ahotsenea solasaldietan (Yurre Ugarte idazleak gidatuta), Antzokia zirrikituz zirrikutu Szenatokian (Karrika Antzerki Taldearen eskutik) eta Soinu efektuak zinemagintzan Irudienean (Pixelatu taldearen eskutik, Zineuskadik antolatuta). Horrez gain, Durangoko Historia eta Arte Museoan Grabatuarekin jolastuz, ilustratu tailerra eskainiko da, Irati Eguren ilustratzailearen parte-hartzeagaz.

Ikasle Eguneko tailerretan Euskal Herri osoko ikasleek parte hartuko dute (izen emate guztiak bete dira). Baina Azokako lehenengo egun honetan Ikasle Eguna antolatu arren, publiko orokorrarentzat ere Azoka zabalik egongo da, eta egun osoan zehar hamaika jarduera egongo dira.

Areto Nagusian (Landako Gune barruan) hainbat proiektu eta aurkezpen egingo dira, 13:30etik aurrera, eragile askoren eskutik: UEU, EHU, IPES, Ernai, Otzarreta... 19:00etan 53. edizioko inaugurazio ekitaldia egongo da bertan. Ekitaldian erakunde publikoetako ordezkariek parte hartuko dute, eta aurtengo edizioko kartelaren egileek, Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek, 'Digara' ikuskizun laburra eskainiko dute.

Kabi@n (aurten Landako barruan) 16:00etatik aurrera "teknologia eta hezkuntza formala eta informala"-ren inguruan hausnartuko dute, hainbat parte-hartzailerekin. Saguganbaran (Landako aurrean, Elkartegian), indartsu hasiko dute Azokako egitaraua. 17:30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Musua' disko liburua aurkeztuko dute, eta 19:00etan 'Maritxipi eta Amatxo' liburua aurkeztuko da.

Irudienean (Zugaza zinemetan) hiru ikus-entzunezko lan aurkeztuko dira: 17:00etan 'Atsolorra' film laburra; 17:30ean 'Sarkor, garena gara' Sarkor musika taldearen inguruko dokumentala; eta 19:00etan 'Gu, Laboa' Mikel Laboaren inguruko dokumentala, bere heriotzaren 10. urteurrena dela eta.

Ahotsenean lehenengo egunetik bertatik hasiko da musika eta literatur maratoia. Zuzenekoen karpan (Landako pareko lorategian), goizeko 11:00etan hasiko dira kontzertuak. Josu Bergara eta Eneritz Furyak bakarlariak egongo dira, Gatom rap abeslari bermeotarra, lehenengo diskoa kaleratu duten taldeak (Azalera, Dunne, Polybius), ibilbide luzeagoa dutenak (Madeleine, Lappa) eta abar. Solasaldien gunean (Landako barruan) ere, aniztasuna izango da nagusi, eta eta hainbat idazlek euren lan berriak aurkeztuko dituzte: Jasone Osoro, Aritz Gorrotxategi, Karlos Linazasoro, Thierry Biscary...

Egunero bezala, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. Kafe Antzokiko eszenatokia Huntza taldeak estreinatuko du, 23:00etan. Taldeak bere bigarren 'Xilema' diskoa aurkeztuko du. Sarrerak www.plateruena.eus webgunean edo Plateruenan bertan eros daitezke (zortzi euro webgunean eta hamar euro txarteldegian).

Sortzaileek euren lanak zein ordutan sinatzen egongo diren ikusteko, egizu klik hemen:

Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 8an eta 9an: http://www.euskotren.eus/eu/node/5412

Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte. Info+: https://labur.eus/Yqjou

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn