- Egitaraurik zabalena izango du gaur Durangoko Azokak: "Soinujolearen Semea" eta "Muga deitzen da pausoa" pelikulen aurre-estreinaldiak Irudienean; mikroantzerkiak Szenatokian; Gatibu, Hesian, Nogen, Bad Sound, Txapelpunk eta Leihotikan (Ahotsenea zuz.), Idurre Eskisabel, Katixa Agirre, Unai Iturriaga (Ahotsenea sol.), Anestesia Plateruenan...

Leporaino egon zen atzo Azoka, hirugarren egunez. Goizean, eguraldia lagun, milaka bisitari gerturatu ziren Landako Gunera eta gainontzeko espazioetara. Landako plaza ere azokazaleez josita egon zen eguerdira arte, euria hasi zen arte, hain zuzen ere.

Gaur, Azokak egitaraurik potoloena izango du, gune guztietan oso proposamen interesgarriekin: aurre-estreinaldiak, kontzertu entzutetsuak, mahainguruak... Ahotseneako karpan, berbarako, kontzertu oso potenteak egongo dira goiz osoan zehar, euskal musikaren hainbat erreferenterekin. Luxuzko goiza izango da. Gatibu taldea igoko da lehenengoa eszenatokira, eta bere ostean etorriko dira, Nogen, Txapelpunk, Bad Sound, Hesian eta Erabatera. Eguna amaitzeko, Leihotikan taldeak joko du, 19:40ean. Ahotsenea solasaldietan ere ez da izen ezagunik faltako: Katixa Agirre, Idurre Eskisabel, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran...

Ahotsenean egitarau potoloa izango dute gaur, eta Irudienea ere ez da gutxiago izango. Gaur film luze biren aurre-estreinaldia izango da. 12:30ean Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako "Soinujolearen semea" proiektatuko da (idazlea ere bertan egongo da) eta 19:45ean, "Muga deitzen da pausoa" dokumentala estreinatuko da. Maider Oleaga zuzendaria bertan egongo da. Horrez gain, "Agur Etxebeste!" proiektua aurkeztuko da 17:00etan, eta 19:00etan "Dantza" dokumentalean oinarritutako dokumentazio lanaz gozatu ahalko da.

Areto Nagusian, Gogoetaren Plazako hirugarren eta azken saioa egongo da. 12:30ean Ander Lipus eta Maialen Errotabehere egongo dira, Maia Muruagak gidatuta. 18:30ean, ostera, "kulturaren transmisioa eskolan" izango dute berbagai, Iratxe Retolaza, Maria Rivero, Pello Ulazia eta Mikel Artolarekin, Kattalin Minerrek gidatuta.

Horrez gain, 17:00etan "kultura guztion eskura" kultur esperientzia inklusiboen aurkezpenak egongo dira. Partehartzaileak Telmo Irureta aktoreak, Ainhoa Moiua zeinu hizkuntza irakasleak (Zea Mayseko Negua joan da ta bideoan ezaguna egin zena) eta "Auritz, laino eder hori..." proiektuko kideek (Autismoaren Espektroko Nahasmena gaitzaren inguruan lan egiten dute) parte hartuko dute.

Guneekin jarraituz, Kabi@n hainbat proiektu aurkeztuko dira: Kultur Sharea ataria, Itsulapikoa.eus, Kolore Anitzak antzerki interaktiboa... Hiru sare sozial berri ere aurkeztuko dira: Mastodon.eus, Izarkom eta Artizarra.

Saguganbaran, egunero bezala, ume eta familientzako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak egongo dira, egun osoan zehar, goizeko 11:00etatik 19:30ak arte. Besteak beste, Uxue Alberdik eta Eider Eibarrek "Poza" lana aurkeztuko dute; 17:00etan "Arbi" liburu interaktiboa aurkeztuko da eta abar.

Szenatokian antzezpieza laburrak egongo dira 19:00etatik aurrera, doan. Hiru obrak honakoak izango dira: Anodino Teatroaren "Schrodinger-en katua", Atx Teatroaren "Tomiris" eta Kamikaz kolektiboaren eta Ttak Teatroaren "Agur eta Dolore".

Azkenik, Azokari hurrengo egunera arte agur esango diogu Plateruenan. 23:00etan Euskal Herriko eszenako talde mitiko batek joko du, Anestesia taldeak, 25 urte betetzen baitira "Gorrotoaren ahotsa" diskoa kaleratu zutenetik. Sarrerak salgai hamar euroan.

Horrez gain, Azokatik kanpoko hainbat jarduera egongo dira gaur Durangon. Besteak beste, XVI. Joseba Jaka herri lasterketa antolatuko da (10:45ean umeak, eta 11:45ean nagusiak). Landako plazan ere XX. Durango Folk ospatuko da, hainbat dantza taldeen parte hartzearekin: Kriskitin dantza taldea, Eugiko dantza taldea, Landetako hankapaluak, Jaizale txistulari taldea...

Egitarau osoa ikusteko: http://www.durangokoazoka.eus/eu/egitarauak/egitarau-osoa

Sinaduren ordutegia ikusteko: http://www.durangokoazoka.eus/eu/sinadurak-da

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn