Sormen beka2 mob

Gaur Durangoko Azokako azken eguna izango da eta, azokazaleek jarduera ugari izango dituzte gune guztietan. Areto Nagusian, lau egunetako maratoia eta gero, patxadaz hasiko dute Azokako azken txanpa, yoga saio batekin, Maite Eizmendiren eskutik. Horren ostean hainbat aurkezpen antolatu dituzte: Euskal Udalekuen historia eta istorioak, 2019. urteko Loraldia, irakurketa errazeko Kalafate bilduma eta abar.

Areto Nagusian lasaitasunez hasiko badute eguna, Saguganbaran erritmo bizia izango dute goizeko 11:00etatik arrastia amaitzen den arte, ipuin kontalarien maratoia egongo baita. Bost ipuin kontalari izango dira, umeen eta ez horren umeen gozamenerako: Lur Korta "Aurorita beti polita", Dorleta Kortazar "Heldu eskutik", Maite Franko "Jateko moduko ipuinak", Mireia Delgado "Maletatik irtendako ipuinak" eta Aitor Mtz Vinagret "Kokitoren amona". Egitaraua amaitzeko, 18:00etan Berbaro Elkarteak orri markatzaile tailerra antolatu du.

Kabi@n "Ni naiz!?" egun osoko jarduera antolatu dute, 12:00etatik aurrera. Uztaritze Betelu artistari esker, inteligentzia artifizialaren eta giza inteligentziaren arteko elkarlan posibleak esploratzeko ekimen artistikoa ezagutzeko aukera izango dugu.

Szenatokian, 18:00etan, "Inondik inora" familientzako antzerkia egongo da, Benetan Be taldearen eskutik (sarrerak salgai lau euroan). Irudieneak egitarau betea izango du gaur ere. 11:00etan "Margolaria" filmaren emanaldi berezia egongo da. 13:00etan "June" film laburra aurkeztuko da, eta ordu erdi beranduago, Lara Izagirre zuzendari zornotzarrak "Ane eta Peio, amodio istorio bat piper artean" proiektua aurkeztuko du. 14:00etan "Lou" proiektua aurkeztuko dute, eta, eguna amaitzeko, 17:30ean DemaS.A finalen finala egongo da, Euskal Herriko ikus-entzunezko rallyetako irabazleen arteko lehia.

Ahotsenean, egunero bezala, musika– eta literatura–maratoia egongo da, goizeko 11:00etatik Azoka itxi arte. Zuzenekoen karpan, besteak beste, Inun, Indidxabak, Bihozkada, Guda Dantza eta Ibai Marin. Solasaldien gunean, Edorta Jimenez, Jon Arretxe edo Joanex Urkixo bezalako idazleak egongo dira. Azoka amaitzeko, "Afoniak" emanaldi esperimentala egongo da 18:30ean, Xabier Erkizia, Arantxa Iturbe eta Luka Rulloren eskutik.

53. Durangoko Azokako azken ekitaldia Plateruenan izango da. 20:00etan Olatz Salvadorrek doako kontzertua eskainiko du, "Zintzilik" disko berria aurkezteko.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn