- Abenduaren 5etik 8ra arte 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira Durangoko Azokako zazpi guneetan. Musika Eskolan jarduerak antolatuko dira lehen aldiz, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO ekimena kasu.

- 264 erakusmahai egongo dira Landakon, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari... Lehenengo aldiz 30 urtez, erakusmahaiak berriztuko dira, eta, ondorioz, Landakoko irudia aldatuko da.

Durangoko Azokak aurtengo edizioaren nobedade eta datu orokorrak aurkeztu ditu gaur, azaroak 20, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan da Gerediagako presidente Nerea Mujika, eta Azokako guneetako ordezkariak: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena) eta Gorka Julio (Kabi@).

Prentsaurrekoa Musika Eskolan antolatu da, Landako Gunearen atzekaldean, espazio hori izango baita aurtengo nobedade nagusietako bat: "Azken urteotan Azoka handitzen ari da eta Durangon zehar zabaltzeko ahaleginetan gabiltza. Edizio honetan Musika Eskola espazio berri bat izango da: hemen antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa".

Azken ekimen hori ere 54. edizioko beste berritasun bat izango da. Lehenengo aldiz, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, goizean zehar.

Ohiko espazio batean, Landako gunean, berritasunik ere egongo da. 30 urtez lehenengo aldiz, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko du. Landakoko argazki orokorra, beraz, aldatuko da. "Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen du".

54. edizioan, guztira 264 erakusmahai egongo dira: 240 handi eta 24 txiki. "Aurreko urteetan baino eskari gehiago jaso ditugu". Produktuei dagokienez, 405 nobedade egongo dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta 20 bestelakoak. Autoekoizleen plazan, bere aldetik, 14 sortzaile batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin.

Azokako bigarren egunean, bere aldetik, Azokako Sormen Bekaren irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko da. Aurtengo gaia musika da, beraz, disziplina horregaz lotuta egondako proiektu bat izango da sariduna. Era berean, iazko irabazleek euren proiektua aurkeztuko dute: AtopiaRPG euskarazko lehenengo rol-jokoa.

Gerediagako presidenteak azaldu duenez, Azokako aurrekontua 668.450 eurokoa izango da. "Aurrekontu horrekin Azokak egiten duten ekarpena handia da; alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta bestalde alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona". Ekarpen horri lotuta, Azokako azken egunean prentsaurrekoa antolatu du Durangoko Azokak, Siadeco taldearekin batera, Azokaren eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa aurkezteko.

Egitarauari dagokionez, 54. edizioan 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira, 700 metrotan eta 5 minutuko distantzian. Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Urtero bezala, sortzaile ezagunek sortzaile hasiberriekin partekatuko dute eszenatokia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen gunean, mundu digitalarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztuko dira: websailak, youtuberrak eta abar. Era berean, memoria historikoa lantzen duten dokumentalak eta fikzioak ere proiektatuko dituzte. Saguganbaran, familien espazioan, urtero bezala umeentzako ikuskizun eta tailer ugari antolatu dituzte. Aurten bereziki, autoekoiztutako ipuinek indar berezia izango dute. Areto Nagusian, urtero bezala, eragile, elkarte eta erakundeek euren egitasmoak aurkeztuko dituzte. Ekitaldirik bereziena "Throwing voices" izango da, Edinburgoko Liburu Azokarekin eta Etxeparerekin elkarlanean.

Gogoetaren Plaza Musika Eskolan antolatuko da lehenengo aldiz, eta bertan landuko diren gaiak honakoak izango dira: lizentzia libreak hedabideetan, euskal prentsa, kulturgintzaren profesionalizazioa eta euskara integrazio hizkuntza gisa. Kabi@ kultura digitalaren gunea izango da, eta ohiko topaketez gain (Gamer gela, wikilariak...) oso aurkezpen interesgarriak egingo dituzte. Egitaraua, gainera, kontzertu batekin amaituko dute: "Mauriziak ez du inor hil".

Szenatokian, bere aldetik, Kukai dantza taldearen "Erritu" ikuskizuna izango dute, eta asteburuan Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia egingo dute, 10 konpainia eta 30 emanaldirekin. Plateruenan, azkenik, kontzertu handiez gozatzeko aukera egongo da: ETS, Zetak, Arkada Social eta amaitzeko, Maider Zabalegi.

Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz etortzeko gonbitea egin die azokazaleei. Autoz etorriko direnentzat, doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako peaje inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn