- Gaur, Azokako hirugarren egunean, Azokako gune guztiak ekitaldiz lepo egongo dira. Areto Nagusian Eskozia eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa musikatua egongo da, "Throwing Voices".

Milaka bisitari gerturatu ziren atzo Durangoko Azokara. Goizean goizetik arratsaldera arte Landako Gunea eta gainontzeko espazioetan milaka azokazale batu ziren, eta baita Landako inguruetan ere, eguraldia lagun.

Gaur Azokaren hirugarren eguna helduko da, eta jendetsua ere izatea espero da. Guneek egitarau erakargarria prestatu dute kulturzale guztientzat. Ahotsenea solasaldietan, besteak beste, Miren Amuriza, Kirmen Uribe, Amets Arzallus, Anjel Lertxundi edota Eneritz Artetxe. 14:30ean, Yogurinha Borovak eta Bihotz Gorospek "Sentipenak askatu" bere azken lana aurkeztuko du, Porrotxekin batera.

Zuzenekoen karpan, Skakeitan, Iker Lauroba, Keu Agirretxea eta Dupla arituko dira, besteak beste. Halaber, euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute Arima, Habi, Serge eta Saia Goait taldeek, adibidez.

Areto Nagusian, ekitaldirik bereziena 19:00etan izango da: "Throwing voices", Eskozia eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa musikatua. Gerediaga Elkartea Etxepare eta Edinburgoko Liburu Azokaren arteko lankidetzaren artean sortutako ikuskizun honetan, Rachel Newton arpalari eskoziarrak eta Uxue Alberdik parte hartzen dute. Horrez gain, 17:30ean Euskadi Literatura Sarien inguruko mahaingurua egongo da, Irati Elorrieta, Patxi Zubizarreta, Isabel Etxeberria eta Asisko Urmenetarekin.

Irudienean 12:30ean "Apaiz-kartzela" dokumentalaren work in progress saioa egingo dute, eta horren ostean Zamorako kartzelan preso egondako apaizei omenaldia egingo zaie. Horrez gain, Lara Izagirre zuzendari zornotzarrak "Nora" filmaren lehenengo irudiak aurkeztuko ditu.

Kabi@n jarduera nagusi bi egongo dira: goizean "Gure ondarea Wikidata eta Txikipediaren zurrunbiloan" eta arrastian AtopiaRPG rol-jokoaren partida bat egongo da, 16:30ean.

Saguganbararen kasuan, ekitaldirik jendetsuena 16:00etan izango da, Ene Kantak taldearen kontzertuarekin. Horrez gain, ipuin-kontaketak, jolasak, eta liburu aurkezpenak egongo dira.

Szenatokian Antzerki eta Dantza Laburren jaialdiaren lehenengo saioa izango da, goizeko 12:30etik 21:30ak arte 22 saio egongo dira, zazpi talderen eskutik. San Agustineko espazio ezberdinetan egingo dira, gehienak ez-ohikoak: bulegoak, hall-a, ganbara...

Horrez gain, Gogoetaren Plazaren azken saioa ospatuko da. Goizean kulturgintzaren profesionalizazioaz berba egingo dute Maite Mutuberriak, Danele Sarriugartek eta Jurgi Ekizak. Arratsaldean, "euskara integrazio hizkuntza" izango dute berbagai, Tarana Karim, Bouba Diouf eta Petra Elserrekin.

Plateruenan amaituko da eguna, gauero bezala. 23:00etan Arkada Social talde arrasatearrak kontzertua eskainiko du, "No retorno" diskoa aurkezteko (10 euro webgunean eta 13 euro txarteldegian).

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn