Eta konturatu orduko... Azokako erdigunera heldu gara! Atzo, abenduak 3, Azoka jendez lepo izan eta gero, gaur Azokak ere egun potoloa bizitzea espero da. Ez da egitarau erakargarririk faltako.

 

Areto Nagusian Gogoetaren Plaza ekimenaren bigarren saioa izango da. 12:30ean Istorio bat... nola plazaratu solasaldia egongo da, Mikel Soto editore eta Irantzu Lekue artista plastikoaren eskutik. Arratsaldean ondarea izango dute mintzagai. 18:30ean Oier Gorosabel (ADES), Gaizka Aranguren (LABRIT), Teresa Lekumberri (Mintzoak) eta Amaia Mujika (Euskal Museoa) arituko dira, Maite Bidartek gidatuta.

Kabi@n azoka-egun guztietako egunik potoloenetakoa izango da biharkoa, hamalau jarduera izango dituztelako goizeko 11:00etatik 18:05ak arte. Besteak beste, Tirabirak transmedia proiektua aurkeztuko dute, Soka app aplikazioa, "Lehen urratsa" webdok-a eta abar.

Saguganbaran denetarik egongo da egun honetan. Goizean "Korrika Jokoa" aurkeztuko dute, "Urrezko giltza" ipuin kontaketa egongo da eta "Jo kako jo!" ikuskizuna. Arratsaldean "Ilargi arrantza" txotxongilo ikuskizuna eta ipuin kontaketa bi: "Ispilutxo" eta "Panpinak Aitorrentzat", 18:00etan eta 19:00etan hurrenez hurren. Areto txikian ere hainbat tailer egongo dira.

Ahotsenean atseden hartzeko unerik gabe jarraituko dute, 11:00etatik 20:00ak arte. Zuzenekoen karpan Altxatu, Siroka, Begiz Begi, Labrit, Xabaltx, Guda Dantza... Solasaldien kasuan, besteak beste, honakoak: Peru Magdalena, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Jon Arretxe...

Irudienearen kasuan hitzordu garrantzitsu bi izango ditugu. 12:30ean "Irrintziaren oihartzunak" dokumentalaren estreinaldia egongo da. Bertan egongo dira Iratxe Fresneda zuzendaria eta Saioa Etxebarria argazki zuzendaria, Mirentxu Loyartek gidatuta. 19:00etan beste proiektu interesgarri bat aurkeztuko dute, "Argi" filma. Iratxe Mediavilla zuzendaria eta June Gomez aktorea bertan egongo dira.

Szenatokian Azokako eskaintzarik potoloenetakoa egongo da bihar, 19:00etan: Xake Produkzioen "Mami Lebrun" antzezlana. Sarrera zortzi euroan salgai ("Francoren bilobari gutuna" antzezlanaren sarrera ere erosiz gero, 15 euro biak).

Eguna Plateruenan amaituko dugu, noski. Eta kontzertu potolo batekin: Hesian taldearen "10 urte, 11 gonbidatu" kontzertu berezia, gonbidatu pilo batekin. Sarrerak salgai zazpi euroan. Hitzordua 22:30ean izango da.

Horrez gain, egun osoan zehar "Marrazkeraz" Marrazkilari Euskaldunon Topagunea ospatuko da bihar, sketchcrawl filosofia jarraituz. 10:30ean izango da hitzordua Plateruena kanpoaldean, eta marrazteko hainbat puntu interesgarri zehaztuko dituzte. 18:00etan Kabi@n topaketaren amaierako hitzordua egingo dute, marraztutakoa komentatuz eta komunitatea saretuz. Saioa koordinatzen Euskalherria's SketchCrawl-eko Gorka Belasko ariko da.

PROGRAMA OSOA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN.

SINADUREN ORDUTEGIA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN.

AUTOBUS-ZERBITZUAREN ORDUTEGIA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN.

ostirala3b 5923 copia txiki

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn