Gau hunkigarria izan zen atzokoa, abenduak 3, Szenatokia gunean, San Agustin Kulturgunean. Argizaiola Sariak banatu ziren atzo, 25. edizioa gainera, eta ekitaldi benetan berezia izan zen. Azken urteetan, Argizaiola Saria jaso dutenak euskararen eta euskal kulturaren arloan erreferenteak diren pertsonak izan dira.

Aurten, baina, Azokak inurri-lana aitortu nahi izan du: inolako aitorpenik gabe lan eta lan ibili diren inurriak, itzalpean, euskarari eta euskal kulturari bultzada emanez. Milaka dira lan hori egin duten herritar anonimoak. Horien izenean, honakoek jaso zuten saria: Justo Alberdi (Bizkaia), Patxika Erramuzpe (Ipar Euskal Herria), Nafarroa (Carmen Belaza), Gipuzkoa (Jaime Albillos), Kepa Mendia (Araba) eta Jose Ramon Zengotitabengoa (euskal diaspora).

Denak egon ziren presente atzoko ekitaldian, euren senide eta lagunek lagunduta. Gerediagako presidente Nerea Mujikak banan-banan eman zizkien Argizaiolak, eta denek izan zituzten esker-berbak.

Nerea Mujikak azpimarratu zuenez, inurri-kolonia da gurea: "Zein izango litzateke euskal kulturaren patua, egunero-egunero inurri lana egiten duten milaka kultur-zale eta euskaltzaleengatik ez balitz? Durangoko Azoka bera ere, milaka inurri horien lanaren isla da. Inurrien kolonia horren emaitza da Azoka".

Ekitaldian iraganaz berba egin zen asko, baina baita etorkizunaz ere. "Gaur egun ere handiak dira euskarak eta euskal kulturak dituen erronkak. Guri ere inurri bidea egiten jarraitzea egokitzen zaigu eta inurri bide horretan zuek izango zaituztegu erreferente. Transmisioa berba erabiltzen dugu sarri hitzetik hortzera. Beharrezkoa dugu euskararen transmisioa, beharrezkoa dugu, era berean, euskal kulturarena. Baina, nik gaur eta hemen, inurri lanaren transmisioa ere beharrezkoa dela aldarrikatu nahi dut. Etorkizuneko belaunaldiek ere lan anonimo, isil eta kolektibo honekin jarraitzea garrantzitsua da. Aurrera ba! Gora inurriak, segi dezagun bakoitza gure esparrutik euskararen eta kulturgintzaren alde lanean!".

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn