...eta azken egunera iritsi gara! Lau azoka-egun biziren ostean, gaur ateak ixteko sasoia helduko zaigu. Gaurko eguna ere, nahiz eta azkena izan, hamaika ekitaldiz josita izango dugu.

 

Areto Nagusian aurkezpen interesgarri ugari izango ditugu. 12:30ean Istorio bat... nola asmatu solasaldia egongo da, Harkaitz Cano idazlea eta Lara Izagirre zinemagileagaz, Fermin Etxegoienek gidatuta. 18:30ean Edukiontziak nola bete mahai-ingurua egongo da, BIBAko kide baten eta Nerea Fillaten (Katakrak) eskutik.

Kabi@n Komunitatearen Eguna izango da. 11:00etan Librezaleren aurkezpena eta ask.libreoffice.org laguntza-gunea euskaratzeko maratoia egongo da, eta 13:00etan, hitzaldia Jon Turrillasen eskutik: Interneten gertatutakoa ez da zelaian geratzen.

Saguganbaran, azken egun honetan, denetarik egongo da: ipuin kontaketak, Astronautak abestien aurkezpenak, HIRU3 diskaren aurkezpena, kantu-jolasak, "Arte eta kultur heziketa publiko gazteentzat" hitzaldia... eta Saguganbara kanpoaldean, Zuresku egurrezko jolasak, 12:00etatik aurrera.

Ahotsenean kontzertuen azken txanpa izango dugu: Perlak, Lauroba, Etxe, Garilak 26, Izaro... Solasaldietan ere, izen ugari: Mariasun Landa, Txuma Murugarren, Pier Paul Berzaitz, Saioa Olmo...

Irudieneak indartsu hasiko du eguna: 11:00etan "Gutik Zura" dokumentala aurkeztuko da, Mari Jose Barriolak eta Jon Maiak gidatuta. Horren ostean "Akabuko martxea" eta "Dominica" dokumentala eta film laburrak aurkeztuko dira, eta goiza amaitzeko "Pan" haurrentzako filma. 18:00etan Kameratoia lehiaketaren sariak banatuko dira.

Szenatokiak eskaintza potoloa dakar azken egunerako: "Francoren bilobari gutuna" antzezlanaren saio bikoitza, 12:30ean eta 18:00etan. Arratsaldeko sarrerak agortuta daude, baina goizerako lekurik badago oraindino.

Landakoko ate itxiera 19:45ean izango da, beste behin ere, Karrika Antzerki Taldearen eskutik, Donostia 2016ren ekimenez. Eguna, egunero bezala, Plateruenan amaituko dugu, 20:00etan Bide Ertzean taldearen eskutik.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn