Abenduaren 6tik 10era izango da aurtengo 52. Durangoko Azoka. Modu ezberdinetan parte hartu daiteke Euskal Herriko Kulturaren Plazarik handiena den azokan. Horretarako informazio zehatza eta izena-emateko galdetegiak apurka apurka iraila eta urria bitartean zabalduko dira.

Erakusmahaia alokatzeko
Aktibatuko dugun lehenengo izen-ematea izango da. Irailaren azken egunera arte egongo da zabalik eta webgunean online egin behar da: erregistratuta (erabiltzaile berria izan ezkero) edota aurreko urteko erabiltzailearekin.

Tailerretan parte hartzeko
Abenduaren 7rako prestatuko dugu 52.edizioan tailer partehartzaileak (ikastetxeei deialdi berezia eginez, baina asialdi talde, guraso eskola eta bestelako taldeei zabalik). Goizez gazteenei zuzenduta eta arratsaldean helduei eskainitakoak

Aurkezpen proposamenak egiteko
Durangoko Azokak dituen guneetan aurkezpenak egiteko aukera zabala dago. Ahotsenean, zuzeneko musika emanaldiak eta literatura solasaldia, Irudienean euskarazko ikus-entzunezkok, Saguganbaran familiari zuzendutakoak, Areto Nagusian proiektu eta zabalkunde liburuak, Kabi@n egitasmo digitalak eta Szenatokian arte eszenikoei lotutakoak. Urriaren hasieran zabalduko da guztietan doako aurkezpenak proposatzeko aukera.

Boluntarioak
Durangoko Azoka barrutik bizi nahi ezkero, askotarikoak dira ia esfortzurik eskatzen ez duten lan txikiak. Errez eta modu atseginean egitekoak izan arren, Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho handiena bihurtzeko laguntza handia dira. Durangoko Azokarekin bat egin, azoka barrutik ezagutu eta azoka arrakastatsua egiten laguntzeko boluntarioen programa aurten ere izango da. Urrian zabalduko dugu izena emateko epea.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn