• Eskaria webgunean egin beharko da, irailaren 30era arte, hemen klik eginez.
  • Azken urteetan bezala, autoekoizleek ere erakusmahaia partekatzeko aukera izango dute.
  • Aurten Ikasle Eguna bigarren egunean izango da, abenduak 7, eta izena emateko epea irailaren 19an zabalduko da ikastetxe eta hezkuntza zentroentzat.

Durangoko Azokako 52. edizioak erakusmahaiak alokatzeko epea zabaldu du gaur, irailak 12. Kulturaren plazan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek hemen egin behar dute eskaria, irailaren 30era bitartean. Aurtengo edizioa abenduaren 6tik 10era antolatuko da; hirugarren urtez jarraian, bost eguneko Durangoko Azoka izango da.

Aukera ezberdinak: erakusmahai osoa, erdia edo auto-ekoizleen gunea

Bere produktuak Durangoko Azokan izan nahi dituenak, hainbat aukera ditu. Araudian jasotako irizpideen arabera -Azokaren webgunean ikusgai-, interesatuak erakusmahai osoa, erdia edota hainbat partaiderekin batera partekatutako auto-ekoizpenen gunea kontratatu ahal izango ditu.

Eskaera online egingo da Durangoko Azokaren web orrian. Aurretik parte hartu dutenek beren erabiltzaile izenarekin egin beharko dute; aldiz, lehenengo aldiz Azokara datozenek beren burua erregistratu beharko dute lehenbizi “expositore” gisa. Stand mota hurrengo urratsetan aukeratu beharko da.

Auto-ekoizleen guneari dagokionez, behin izen-ematea amaituta, eremua nola partekatu adosteko bilera bat antolatuko da (espazioaren dekorazioa, txandak…).

Durangaldeko argitalpenak

Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kosturik gabe Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera ematen die. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren baten izan behar du eskatzaileak. Produktu guztiak "Durangaldeko argitalpenak" bezala erakutsiko dira. Izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.

Aurtengo Azokari begira kontuan hartu beharreko beste hainbat data

- Sortzaileek urriaren 4tik aurrera eman ahal izango dute izena Azokako gune ezberdinetan, beren lanak Azokan zuzenean aurkezteko.

- Egutegiak bultzatuta, aurten Ikasle Eguna ez da Azokako lehenengo egunean antolatuko. Bigarren egunean ospatuko da, abenduak 7, eta ikastetxeetako ikasleek lehentasuna izango dute tailer horietan parte hartzeko. Irailaren 19an zabalduko da epea ikastetxeentzat, eta horren ostean epea luzatuko da aisialdi taldeetako parte hartzaileentzat.

- Boluntarioek urrian eman ahal izango dute izena.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn