Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza-zentroetako ikasleek hainbat jarduera eta tailer izango dituzte eskura Durangoko Azokako 52. edizioan, Ikasle Egunaren baitan. Azken urteetan Ikasle Eguna Azokako lehenengo egunean ospatu izan da; aurten, abenduaren 6a Hego Euskal Herrian jaiegun ofiziala izanik, bigarren egunean ospatuko da, hots, abenduaren 7an.

Tailerretan izena emateko epea gaur zabaldu da, irailak 19, eta zabalik egongo da bi astez. Horren ostean, lekurik egongo balitz, epea aisialdi talde, berbalagun eta bestelako taldeei zabalduko da. Izen ematea hasteko egizu klik hemen, erregistratu (aurreko urteetan izena eman ez bada) eta tailerra aukeratu. Lekuen esleipena zozketa bidez egingo da, eta e-postaz jakinaraziko zaie izena eman duten guztiei.

Tailerren eskaintza zabala izango da:

- Rap tailerra. Lekua: Ahotsenea musika. Ordua: 11:00etan. Adin tartea: 12-16. Iraupena: 30 minutu.

Rapa zer den azalduko da, nondik sortzen den eta zer nolako tokia hartu duen gure kantagintzan. Bigarrenik saio praktiko batzuk egingo dira.

- Liburu bat egingo dut tailerra. Lekua: Areto Nagusia. Ordua: saio bi, 10:30ean eta 12:00etan. Adin tartea: 12-14. Iraupena: 60 minutu.

Liburu bat nola egiten den eta editorearen lanbidea zein den ezagutzeko tailerra. Euskal Editoreen Elkartearen eskutik.

- Zirko tailerra. Lekua: Saguganbara. Ordua: saio bi, 10:30ean eta 12:30ean. Adin tartea: 10-12. Iraupena: 60 minutu.

Zirkoa (malabareak, akrobazioak, ekilibrioak) eta literatura uztartuz, gaztetxoentzako tailer partehartzailea.

- Appinventor erabiliz aplikazio bat sortu. Lekua: Kabi@. Ordua: saio bi, 10:30ean eta 12:30ean. Adin tartea: 12-16. Iraupena: 120 minutu.

Appinventor erabiliz, ingurune erraz eta bisual baten bidez, aurretik programazio ezagutza bereziak izan gabe sakelako aplikazio ederrak sor daitezke. Taldeka lan eginez, talde bakoitzak bere aplikazio propioa ikasi eta eramango du.

- Barne onirikoa. Lekua: Szenatokia. Ordua: saio bi, 11:00etan eta 12:00etan. Adin tartea: edozein.

Ologramekin sortutako txotxongiloen ikuskizuna. Gazte, haur, heldu, familian zein lagun taldean gozatzeko ikuskizun bat da, berbarik ez duen ikuskizuna.

- Nola egiten dira marrazki bizidunak? Lekua: Irudienea. Ordua: hiru saio, 10:00etan, 11:30ean eta 13:00etan. Adin tartea: DBH3-4. Iraupena: 75 minutu.

Gazteak animazioaren munduan sartuko dira, marrazki bizidunak nola egiten diren ezagutzeko. Tailer praktikoa izango da: pika pika teknika erabiliko dute, hau da, linterna batzuekin marrazkiak egingo dituzte eta animazio bat osatuko dute taldean. Zineuskadiren eskutik.

- Booktrailerra egiteko tailerra. Lekua: liburutegia. Ordua: saio bi, 10:30ean eta 12:30ean. Adin tartea: 10-12. Iraupena: 90 minutu.

Tailer honetan booktrailerra nola egiten den azalduko da. Helburua gazteek euren booktrailerra sortu ahal izateko tresnak ezagutzea eta praktikan jartzea da, ariketa praktikoen bidez, ondoren Durangoko II. booktrailer lehiaketari begira euren lanak sortu ahal izateko.

Tailerren fitxak ikusteko egizu klik hemen.

Informazio gehiago behar baduzu edo zalantzaren bat argitzea, idatzi Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera edo deitu 673 005 981 zenbakira.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn