Iaz lehenengo aldiz, Durangoko Azokak helduentzako tailerrak antolatu zituen Ikasle Egunaren baitan, batik bat euskaltegietako ikasle, berbalagun eta bestelako aisialdi taldeei begira.

Aurten, bigarren aldiz, helduentzako tailerrak antolatuko ditu Azokak. Horrela, umeez gain, gainontzeko bisitariek ere Azokako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute. Epea gaur zabaldu da, urriak 4, eta zabalik egongo da hilabetea amaitu arte. Izena emateko klik egin dezakezu hemen.

Euskaltegietako ikasle eta berbalagun taldeek lehentasuna izango dute, baina edozeinek parte har dezake tailerretan. Taldeetan parte hartzea hobestuko da.

Tailer guztiak abenduaren 7an izango dira, arratsaldez, hainbat gunetan:

- Rap tailerra, musika hiri-kulturak (Ahotsenea musika, 16:30ean). Tailerraren hasieran azalduko da zer den rapa, nondik sortzen den eta zer nolako tokia hartu duen gure kantagintzan. Bigarrenik, saio praktiko batzuk egingo dira. Helburu nagusia rapera hurbiltzea da euskal rapero baten eskutik.

- Durangoko bonbardaketako aztarnak, bisita gidatua (Areto nagusia, 17:30ean). 80 urte dira Durango bonbardatua izan zela. Gaur egun, oraindik, erasoa izan zela agerian uzten duten aztarnak daude. Durangoko kaleetan zehar egingo den bisitan, aztarnak ikusi eta bonbardaketa nola gertatu zen ezagutzeko aukera izango da.

- Bikoizketa tailerra (Irudienea, saio bi, 16:30ean eta 18:30ean). Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik.

- Autodefentsa digitalaren hastapenak (Kabi@, 16:30ean). Tailerrak mundu digitalak pribatutasunaren inguruan jartzen digun erronken inguruan hausnartzea du helburu. Hitzaldi labur baten ostean, gure sakelako telefonoetan geure burua defendatzeko neurriak hartzen ikasiko dugu app eta konfigurazio ezberdinak erabiliz.

Informazio zehatzagoa irakurtzeko egizu klik hemen.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn