Eta azken eguna helduko da bihar! Lau egun biziren ostean, bihar, abenduak 6, Azokako azken eguna izango dugu, ekitaldiz betea ere kulturaren plazak merezi duen moduan agurtzeko.

Hirugarren eguna bizi du gaur Durangoko Azokak, jada aurtengo edizioaren erdia egina du. Gaurkoan, atzokoan baino beteago ikusi dugu oraindik Landako gunea, baita eguerdi tarteetan ere. Doako autobus zerbitzuak ere bete-bete egin ditu bidaiak.

Jendetza elkartzen ari da gaur, abenduak 3, Durangoko Azokan. Itolarririk gabe, baina Azokako espazio guztietan ehundaka euskaltzale eta kulturzale elkartzen ari dira. Eguraldia lagun, Durangoko kaleak ere jendez lepo egon dira. Gainera, lau kalejira antolatu dira kaleak girotzeko: Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta Polekeleke txarangak barre-algarak eragin ditu, Agirre Lehendakariarekin lotutako erraldoi-kalejira ere izan dugu, Kriskitineko dantzari eta musikariek ere kaleak alaitu dituzte, Aiko Dantza Taldeak dantzan jarri ditu bisitariak...

- Milaka ikasle elkartu dira gaur goizean Landako Gunean eta gainontzeko espazioetan. Arratsaldean euskara ikasten ari diren helduen taldeen txanda izango da.

- Bihar ekitaldiz lepo izango dugu eguna: Euskararen Nazioarteko Egunagaz lotutako kalejira, Argizaiola Sariak, Zea Maysen kontzertua, Game Erauntsia taldearen bideo-joko goiza, Ahotsenearen eguneroko maratoia, Kameratoiaren hasiera, Gogoetaren Guneko lehenengo saioa eta abar.

Atzera-kontua amaitu DA! Hasi da Durangoko Azokaren 51. edizioa! Goizeko 10:30ak jo orduko, ikasle-uholde bat sartu da Landako Gunera, erakusleihoen arteko kaleak betez. Donostia 2016ren ekarpenez, Karrika Antzerki Taldeak hasiera ikusgarria eman dio aurtengo kulturaren plazari, Deshakespearezioa obraren pasarte bat egokituz hitzordu honetarako: sua, malabareak, hankapaloak... eta kitto, zabaldu dira Durangoko Azokako ateak! Ondo etorri, eta azoka on danori!

- Kulturaren plazak goizeko 10:15ean zabalduko ditu ateak, bost eguneko kultur maratoiari hasiera emanez. Karrika Antzerki Taldeak Deshakespearezioa obraren pasarte bat antzeztuko du, ateak zabalduz eta Donostia 2016ri keinu eginez.

- Inaugurazio-ekitaldia 19:00etan izango da Areto Nagusian. Bertan izango dira Gerediagako presidente Nerea Mujika, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatu Lorea Bilbao eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Bingen Zupiria.

Durangoko Azokako 51. edizioaren montaketa-lanak hasi dira Landako Gunean. Atzo, azaroak 24, hasi ziren aurten izango ditugun 246 erakusleihoak montatzen eta azoka gorpuzten. Stand horien artean badira urtero-urtero hutsik egin ez dutenak (Euskaltzaindia, Jakin, Erein, Txertoa...), eta badira lehenengo aldiz Azokara etorriko direnak ere.

- Azokako lehenengo egunean, Ikasle Egunean, euskara ikasten ari diren helduen taldeek (euskaltegi, berbalagun, irakurketa klubak...) hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: bikoizketa tailerra, hip-hop tailerra, Durangoko 'listoriatura'-ri buruzko bisita gidatua...

  • "Bizitzekoa DA!" izango da edizio honetako lelo nagusia. Hori da Azokak indartu gura duen ideia: Azokara etortzea merezi du, esperientzia aberasgarria da, publiko guztientzat dago plana. 
  • Aurtengo kartelaren egilea Christine Etchevers margolaria da, Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehenengo artista. Ipar Euskal Herriak leku eta indar berezia izango du aurtengo edizioan, hamar urte betetzen baitira EKEk eta Gerediagak hitzarmena sinatu zutenetik.
  • Ohikoa baino lehenago helduko zaigu Azoka, abenduaren 2tik 6ra arte. Bost egunez berriro ere. Ikasle Egunak indar berezia izango du, eta bere baitan lehenengo aldiz helduentzako tailerrak egongo dira. Inoiz baino izen-emate gehiago egon dira Ikasle Egunerako.

  • Durangoko Azokak Boluntariotza Programa abiatuko du bigarren urtez, eta hainbat zereginetan laguntzeko aukera egongo da: harreman publikoak, azpiegiturak, komunikazioa eta abar.
  • Azaroaren 15era arte egongo da izena emateko aukera, webgunearen bidez.

Azokako gune ezberdinetan parte hartzea gustatuko litzaizuke? Kultur sortzailea zara eta zure lana Durangoko Azokan erakustea gura zenuke? Bada, aurkeztu zure proposamena! Durangoko Azokak gune ezberdinetan izena emateko epea zabalduko du bihar, urriak 4, eta zabalik egongo da urriaren 16ra arte.