"Goizeko 10:00etarako iritsi da urtero Lazkaotik datorren bikotea, kotxea beti Iurretako parkingean uzten duena, etxeko tortilla ogitartekoak motxilan dakartzana. Hasierako buelta elkarrekin egin dute, betiko moduan, eta bigarrena banaka. Bigarren horretan egin du topo gizonezkoak Tuteratik etorritako gaztearekin. “Barkatu” esan eta aurrera pasatzen utz ziezaiola iradoki dio. Tuterarra koadrilarekin etorri da, bigarren urtez jarraian, furgonetetan lo egiteko asmoarekin. Plateruenan bazkaldu dute zerbait iaz bezala. Euretako bik zazpi buelta eman eta gero ere ez dute erabaki zer erosi eta beste bi Ahotseneatik irten ere egin gabe daude.

Pilota txiki bat sartu da Ahotseneara, jauzika. Atzetik dator korrika Baionako zortzi urteko umea, Saguganbaratik atera berri. Tuterarren hankapetik pilota jaso eta amarengana itzultzean hala esan dio: “ama, nik handitan musikari izan nahi dut”.

Bere ondotik igaro den adineko emakumeari irrifar bat lapurtu dio umearen ziurtasunak eta “nik idazle izan nahi nuen” esaldiari ozta-ozta eutsi ahal izan dio ezpain zimurtuekin. Orain, liburuak usaintzea maite du beste ezer baino gehiago. Poltsa hutsarekin iristen da azokara urtero eta pozik egiten du etxerako bidea liburu-karraio. Aurten ere bost liburuko gehienezko muga jarri dio bere buruari, egunak aurrera egin ahala negoziagarri bihurtuko dena. Oraingoz, ahalik eta liburu gehien haztatzea du helburu, azoka itxi baino ordubete lehenago etxera zein eraman erabaki ahal izateko. Bere hatz markak utzi ditu liburu batean.

Zornotzako barnetegitik egunpasa etorritako euskaldun berriari ere liburu bera suertatu zaio erakargarri. Ordu erdi barru karrera garaian Bilbon ezagututako aguraindarrarekin dauka hitzordua Informazio gunean. Bera besarkatzeko irrikitan, denbora egiten ari da liburuko orrialdeei begira.

Liburua askatu duenerako hartu du eskuetan Ondarroako neska gazteak. Berak ere hatz markak gehitu dizkio azalari. Begirada gurutzatu dute une labur bezain sakon horretan. Oraindik ez dakite agian gauean zehar gurutzatuko direla berriro, komunerako ilararen batean, edo, batek daki, elkarren ezpainak hozkatzeko asmoz batera hartuko duten garagardoaren bueltan.

Izan ere, putzu baten erdigunera botata inguruan uhin borobilak sortzen dituzten harrien antzera, Landakoren barruan sortutako mugimenduak ere ez dira kristalezko hormen barruan soilik geratzen”.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn