Irudieneak, ikus-entzunezkoen plazak, urrats bat gehiago eman eta aurten Zugaza zinema aretora lekualdatuko da. Horrela, filmak kalitate handiagoz eman eta, proiekzioez gainera, mahai-inguruak, sortzaileekin solasaldiak, film aurkezpenak, tailerrak eta bestelako jarduerak ere eskainiko dituzte. Arrate Illarok argibide gehiago eman ditu Irudieneari buruz.

image##SARRERA##

Zer leku dute ikus-entzunezkoek Durangoko Azokan?

Durangoko Azoka euskal liburu eta disko azoka izatetik kulturaren plaza izatera zabaldu da, eta hedapen horretan bere lekua dute ikus-entzunezkoek, kulturaren beste arlo bat direlako, literatura, musika edo antzerkia diren bezala. Zentzu horretan, Irudienea guneak kulturaren beste aurpegi bat eskaintzen du. Gainera, euskal kulturaren barruan ikus-entzunezkoek oso rol garrantzitsua dute. Beti izan dira jende askoren gustuko, eta euskaraz aisaldian gozatzeko tresna oso baliotsua dira: erraz kontsumitzen direlako, eta adin guztientzako egokiak direlako.

Zer garrantzia du Irudienea zinema aretora eramateak?

Alde batetik, Durangoko Azokaren plan estrategikoari erantzuten dio. Azoka Durango osora zabaldu nahi da, eta bide horretan, Irudienea Landakotik aterako da. Bestetik, ikus-entzunezkoen gune naturala da zinema aretoa. Horregatik, proiekzioek kalitatean asko irabaziko dute kokaleku berriarekin.

Antolatu dituzuen jardueretan nabarituko da aldaketa hori?

Bai, noski. Euskarazko ikus-entzunezko lanen erakusleihoa da Irudienea, eta sortzaileak ikusleekin harremanetan jartzeko plaza da. Helburu horrekin, proiekzioak eskaini ditugu, eta filmen sortzaileak bertan egongo dira lanak zuzenean azaltzeko, eta bizipenak kontatzeko. Alegia, elkarren arteko trukaketa hori elikatzeko. Ildo horretan, emakumeen lanak azaleratzeko mahai-ingurua ere antolatu dugu.

Proiekzioei dagokionez, zeintzuk dira amu nagusiak?

Denak izan litezke, baina, esaterako, Euskara jendea, Izan pirata eta Euskal Herriko nonbait pelikulen aurkezpenak. Gainera, Jon Garañok eta Jose Mari Goeneagak Loreak errepidean film berriaren aurrerapena ekarriko dute. Help! Socorro! Lagundu! Goenkale TV Moviearen estreinaldia egingo dugu, eta Goenkaleko aktoreak etorriko dira Durangora, aurkezpena egiteko. Aurten, nabarmentzekoa da, gai sozialak jorratzen dituzten dokumental asko eskainiko ditugula.

Anboto astekarian elkarrizketa osoa.

Read more http://www.durangokoazoka.com/index.php?op=5&id=108

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn