50. urte, 5 egunez, eta 250 ekitalditik gora. Berezia izango da Durangoko Azokako aurtengo edizioa. Urtemuga borobila, mugarria, ospakizuna. Eta borobila ere izango da Durangoko Azokako egitaraua: inoiz baino kultur ekitaldi gehiago egongo dira Durangoko Azokan.

Durangoko Azokak gaur aurkeztu du aurtengo edizioko egitaraua, Plateruena Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Bertan, Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikagaz batera, Azokako zortzi guneen ordezkariak egon dira: Arrate Illaro (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Oihane Agirre (Azoka TB), Gorka Julio (Kabi@), Esther Soto (Areto Nagusia), Lutxo Egia (Ahotsenea), Erika Uranga (Plateruena) eta Eñaut Gantxegi, Arantza Arrazola eta Gorka Ganso (Szenatokia).

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, "Gerediagako lehendakari moduan zer edo zer kolorez azpimarratu beharko banu herri-ekimena eta elkarlana dira. Durangoko Azoka gero eta plaza koloretsuagoa da. Gero eta eragile gehiagoren, gero eta ideia aberatsagoen eta gero eta elkarlan estuagoren emaitza da".

Kulturaren plazara gerturatzen diren lagunek, bost egunez (abenduaren 4tik 8ra), 250 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta abar. Hori guztia, 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian.

Azokak iazko datu baikorrak hobetzea lortu du edizio honetan. Aurten 249 erakustoki egongo dira, iaz baino lau gehiago. Guztira, stand horietan 350 nobedade aurkeztuko dira: 228 liburu, 63 disko, 19 aldizkari... Liburu eta diskoetan gorakada eman bada ere, argitalpen elektronikoetan egon da gorakadarik handiena, aurten 18 nobedade aurkeztuko baitira (iaz lau izan ziren).

Edizio honetako aurrekontua 750.000 eurokoa izango da. Horietatik, 410.00 euro erakunde publikoetatik jasotako dirulaguntzak dira. Erakustokien alokairua (225.000), babesleak (99.000) eta publizitatea (16.000) dira gainontzeko diru-sarrerak. Gastu nagusiak, ostera, Azokaren montajeak jasotzen ditu (187.000), komunikazioa (176.000), arlo teknikoa (124.000) eta pertsonalarekin (112.000) batera. Gainontzeko gastuak egitaraua (87.000), alokairuak (31.000), antolaketa (18.000) eta kanpoko zerbitzuak (13.000) dira.kutxakgora

Azokaren inaugurazio ekitaldia aurten San Agustin Kulturgunean izango da, Szenatokia gunean, hain zuzen ere. 19:00etan hasiko den ekitaldi honetan, erakundeetako ordezkariek eta kultur sortzaileek parte hartuko dute, taularatze berezi baten bidez.

Azokaren amaiera ere berezia izango da. 50. urtemuga agurtzeko traka finala izango dugu egitarauan: 17:30ean Lekord taldearen "Sokak" ikuskizuna izango dugu Ahotsenean; 18:00etan Szenatokian "Zirko Anabasa" ospatuko da; 18:30ean, Korrontzi taldeagaz dantzaldia izango dugu Plateruenan. Amaitzeko, 19:45ean, Deabru Beltzak talde ezagunaren emanaldi ikusgarria egongo da ate-itxierarekin batera, 50. urtemuga borobilduz.

EGITARAU OSOA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN.

Egitaraua gunez-gune (laburpena)

Areto Nagusia

Hitzaren plazan bigarren urtez "Gogoetaren plaza" antolatuko da, aurten Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzagaz. Ekimen honen helburua honakoa izango da: euskal kulturaren gaineko gogoeta bultzatzea eta etorkizuneko ildo eta estrategiak garatzen laguntzea.

Mende erdiaren atalaia aurrera begiratzeko baliatuko du aurten Gogoetaren guneak. Hortik dator aurtengo mahai-inguru eta solasaldien goiburua: Biharkoak Gaur. Etorkizunari begira jarriko ditu egitarauak haur egungo sortzaile, kultur eragile eta industriako kideak: Andoni Egaña, Asisko Urmeneta, Zinemaldiko Maialen Beloki, Jose Mari Agirretxe 'Porrotx', Itxaro Borda, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez, Jon Maya dantzaria eta abar.

Abenduaren 5etik 8ra arte bina saio izango ditu egunean, goizean buruz-burukoak eta arratsaldean ohiko mahai-ingurua. Egun bakoitzak ere gai jakin bat izango du: abenduaren 5ean euskal kulturaren ikusgarritasuna, 6an kultur politikak, 7an erreleboa eta 8an prestigioa. Azokaren bihotzean gogoeta txertatuko du egitarauak, hurrengo 50 urteetako historia idazten laguntzeko.

Gogoetaren plazaren edukiekin zenbaki monografikoa egingo da Jakinen urteko bigarren bihilabetekotan.

Ahotsenea

Ahotsenea guneak marka guztiak hautsi ditu edizio honetan: 120 emanaldi baino gehiago egongo dira –70 zuzeneko eta 50 solasaldi–. Gainera, 50. urtemugako ikuskizuna ere egongo da: Lekord taldearen "Sokak" ikuskizuna.

Solasaldien gunea aurten Landako barruan egongo da, eta 9 disko eta 42 liburu aurkeztuko dira. Hainbat formatu egongo dira: solasaldiak, ikuskizuna, errezitaldeak, kontzertu akustikoak... Lehen aldiz irakurketa dramatizatuak egongo dira literatura solasaldietan, musikaz lagundurik. Euskal literatura eta musikagintzaren izen handi ugari elkartuko dira: Jasone Osoro, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Ken Zazpi, Mikel Urdangarin...

prentsaurreko19Zuzenekoei dagokionez, karpa iazko toki berberean egongo da, eszenatoki birekin. 70 kontzertu egongo dira, izen handiko taldeekin (Ze Esatek!, Txapelpunk, Seiurte, Hesian...), talde hasiberriak, Ipar Euskal Herriko zortzi musika-talde...

Azaroaren 25ean Ahotsenean parte hartuko duten sortzaileekin topaketa antolatu dute: elkar ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta abar.

Saguganbara

Txiki eta handien plazan umeentzako eta familientzako jarduera ugari izango ditugu: hamabi ipuin kontalari, 19 tailer... Umeek eta familiek, beraz, zer ikusi eta zertan parte hartu izango dute gune honetan.

Horrez gain, hainbat ekimen berritzaile izango dituzte, berbarako, irakurmena sustatzeko txakurrekin jarduerak, erlajazio ariketak umeekin, munduko abestiak lantzeko tailerrak, orri markatzaileak sortzeko tailerrak... Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta Irrien Lagunen jaia izango dira seguruenik ekitaldirik jendetsuenak.

Plateruena

Kontzertu handien plaza izango da beste urte batez Plateruena. Izen handiko musika-taldeak elkartuko dira bertan, gustu eta publiko ezberdinei zuzenduta: Esne Beltza, Iheskide, Bidehuts gaua (Jupiter Jon, Sacco, Anari, Irazoki & lagunak, Audience, Nire eta Bidehutseko beste zenbait piztia), Olatz Zugazti eta Korrontzi. Sarrerak jada salgai daude www.plateruena.eus webgunean eta Antzokiko barran.

Horrez gain, urtero legez, Antzokia leku egokia izango da Azoka egunetan mokadutxo bat hartzeko, eta baita azoka-egarriz jarraitzen duten parrandazaleentzat ere.

Irudienea

Ikus-entzunezkoen plaza ekimenez josita izango dugu bost egunez. Erakusleiho izateaz gain, Irudienea hausnarketa eta iritzi-trukaketarako gunea izango da.

Ikasle Egunean haur eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoetan dagoen eduki sexistari buruzko tailer eta hitzaldia egongo da, Emakunderekin elkarlanean. Katixa Agirrek eta Oihulari Klownek parte hartuko dute.

Egitarau anitza prestatu dute: Kameratoia Ikus-entzunezko Rallyaren XI. edizioa, euskal zinemagintzaren belaunaldi berriekin mahai-ingurua, EHUko ikasleen film laburren emanaldia... eta orokorrean sortzaile gazteen eta beren lanen presentzia egongo da Irudienean.

Horrez gain, proiekzioei dagokionez, Amama pelikula, Euskal Herriaren ABDak eta Goenkaleren azken hiru pelikulak primizian eskainiko dira. DSC9904 3826 copia txiki

Szenatokia

Arte eszenikoen plazan, San Agustin Kulturgunean, Zirko Anabasa izango da nobebade nagusia. Ekimen hau abenduaren 8an izango da, eta Euskal Herriko Zirkuaren lagina ezagutu ahal izango dugu: Shakti Olaizola kontorzionistak, Cie Mes Tissages Aeriens oihal aereoak, Ortzi Acosta paraleloetan, Debote Enbote malabaristak eta Malas Compañias akrobatak parte hartuko dute. Pantxika Lamurrek aurkeztuko du.

Horrez gain, Itziar Eliasen "Eskutitzak" antzezlana ikusteko aukera izango dugu. Antzerki eskolek ere topagunea antolatuko dute "Kafie eta berba" ekimenaren baitan, eta antzerki maratoiak txapela jarriko dio Szenatokiaren egitarauari.

Bestalde, Jose Luis Zumetaren lan bi erakusgai egongo dira San Agustinen eta bere lanaren inguruan egindako dokumentala proiektatuko da buklean.

Azkenik, inaugurazio ekitaldia eta Argizaiola Sarien ekitaldia ere bertan antolatuko dira, abenduaren 4an eta 5ean, hurrenez hurren.

Kabi@

Digitalaren plazaren lehenengo nobedadea aurten bere espazio fisikoa izango da: domo geodesiko baten barnean egongo da, hots, kabi itxura hartuko du, baina bertara sartzeko Landako gunetik igaro beharko da.

prentsaurreko20Eragile ugarik topaketak egingo dituzte Kabi@n: Euskal Igerrak (euskal instagram komunitateak), Gamerauntsia (bideojokoen euskal komunitatea), wikilari euskaldunen bilkura...

Bestalde, tailer eta hitzaldi ugari egongo dira: irrati estazio bat montatzeko tailerra, hedabideen etorkizunari buruzko mahai-ingurua, tabu-hitzaldiak eta abar.

Azoka TB

Azoka Telebistan aurten inoiz baino hedabide gehiagoren lankidetza egongo da. Honakoak izango dira parte-hartzaileak: Goiena, EITB, Hamaika TB, Kanaldude, Tokikom eta Berria.

Azokak irauten duen bitartean, Azoka TBk emisio jarraitua eskainiko du zuzenean (eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik). Hainbat programa ekoiztuko dira: Amaia DJ, Youtuberrak, Landakoenea, Azokan Gaur...

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn