Uda films talde gaztearen "Jorrai" lanak eraman zuen lehen saria, aurkeztutako hamazazpi taldeen artean.

Kameratoiak, Euskal Herriko Ikus-entzunezko rallyak, bere XI. edizioa bete du aurten, eta Durangoko Azokaren baitan, partehartzaileek 50 ordu izan dituzte euren lanak pentsatu, grabatu eta editatzeko, "Eusk.aroa" gaia ardatz hartuta. Hogei taldek eman zuten izena, eta azkenean hamazazpi aurkeztu dira lehiaketara. Lan onak, irudimentsuak eta sormen aldetik mamitsuak jaso dira aurten, epaimahaiaren lana zailduz. 67 pertsona aritu dira, 25 Bizkaitik, 24 Gipuzkoatik, 11 Arabatik eta 1 Nafarroatik.

Sari-banaketa abenduaren 8an egin zen, Irudienean. Jasotako hamazazpi lanak proiektatu ostean, epaimahaiaren erabakiaren txanda heldu zen: "Harrigarria da zelako lan desberdinak egin dituzuen denak gai beretik abiatuta, eskertzekoa da halako aniztasuna izatea".

Publikoaren saria izan zen jakiten lehena: "Kameratrola" izan zen ikusleei gehien gustatu zitzaiena, "LPM eta lagunak" oñatiarren lan umoretsua. Beraiek eraman zuten XI.Kameratoi honetako 3. saria (TOKIKOM saria) ere, epaimahaiaren esanetan "umorea ere euskararen parte dela erakustearren". Bigarren saria "Irudien aroak" lanak irabazi zuen, "Sant Antonitarrak" taldeak "irudiaren eta denboraren artean egiten duen jokoagatik", besteak beste. Lehen saria, berriz, Uda films talde gaztearen "Jorrai" lanari eman zion epaimahaiak "ikuspegi original eta ikus-entzunezko tratamendu azpimarragarri batekin gogorarazten digulako euskara eta euskal kultura landu eta zaindu behar direla". Zorionak denoi!

Hemen irabazleen bideoak, ikusgai:

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn