Durangoko Azokan arte eszenikoei eskainitako gunean, Szenatokian, “Antzerki Maratoia” egingo da abenduaren 5ean. San Agustin Kultur Guneko oholtza gainean aurkeztuko diren zortzi antzezlanek 15 minutuko iraupena izango dute; hau da, jatorrizko obren trailer modukoa da agertokian erakutsiko dena. Bada, zabalik dute maratoian izen-emateko epea beren obra Azokan erakutsi nahi duten antzerkigileek.

Szenatokia da antzerkiari eskainitako gunea Durangoko Azokaren baitan, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) eta Durangoko San Agustin Kultur Guneak elkarren artean koordinatzen duten espazioa da. Irakurketa dramatizatuak, arte eszenikoen inguruko solasaldiak, estreinaldiak… asko dira antzerki zaleen gozamenerako bertan antolatzen diren jarduerak. Horien artean bada ekintza bat edizioz edizio errepikatzen dena - aurten seigarren aldia du-, eta bereziki estimatua dena: Antzerki Maratoia.

Maratoian, euskarazko zortzi antzezlanen 15 minutuko zatiak eskaintzen dira (pelikula bateko trailer moduan). Antzezlan baten eta bestearen artean gainera, antzerkigileek eta publikoak elkarrekin hitz egiteko aukera izan ohi dute obraren inguruan, oso atmosfera berezia sortzen delarik.

Bada, beren obra Azokan erakutsi nahi duten antzerkigileek zabalik dute maratoian izena emateko epea. Konpainia profesionalak, elkarteak, herri antzerki taldeak… guztiak daude gonbidatuta parte hartzera. Ikusi hemen klik eginda betebeharrak eta aukeraketarako irizpideak.

 Su berrien txinpartak sortzea helburu

Euskal antzerkiaren erakusleiho bihurtu, eta antzezlanen lagin edo zati laburrak eskainita, maratoiaren xedea nagusiki, ikusleak antzokitik beren gustuko emanaldiak osorik ikusteko gogoz irtetea da.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn