'Francoren bilobari gutuna' antzezlana ikusgai egongo da Durangoko Azokako Szenatokia gunean. Abenduaren 6an obra honen saio bi eskainiko dira -12:30ean eta 18:00etan hurrenez hurren-. Artedrama, Le Petit Théàtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek Hamlet obra arrakastatsua eraman zuten aurrera, eta berriz ere lotu dira proiektu berri honetan.

Antzezlan honen gidoia Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren eskutik dator, eta Ximun Fuchs da zuzendaria. Aktoreak honakoak dira: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Pako Revueltas, Erika Olaizola, Manex Fuchs, Zoila Berastegi eta Urko Redondo.

Obraren nondik norakoak ospitale batean garatzen dira. Bihotzeko aldizkarien azaletan Carmen Martinez-Bordiu da protagonista, baina aldizkari hauek dauden ospitaleko egongelan beste bizitza batzuk daude presente: Migel eta Kristina medikuak, Iñaki leuzemiadun umea eta Joxan gerra zibileko biktima.

Antzerki honen prezioa 10€-koa izango da (bazkideentzat 7,5). Hala ere, obra hau 'Mami Lebrun' (azken hau abenduaren 4an) antzezlanarekin batera ikusi ahal izateko bono bat ere eskuragai egongo da, 15-ren truke.

Ander Lipus eta Durangoko Azoka

Antzezlan honen aktoreak Durangoko Azokaren inguruan hitz egin du eta parte-hartuko duen obran zer aurkituko dugun esan digu.

'Durangoko Azoka' hitzak entzuterakoan, zer datorkizu burura? Negua, eta gabonak baino lehenagoko egun horiek. Kili-kili bat sentitzen dut, kili-kili atsegin bat. Euskal kulturaren topagune edo plaza seinalatua; egun seinalatua.

Zure hitzetan, zer ekarpen, ideia, sentimendu eskainiko dituzu obra honen bitartez? Euskal publikoari eskaini nahi diogu bai iparralde eta hegoaldeko publikoari gure imajinariotik edo sentimenduetatik hurbil dagoen obra bat, eta oraingo honetan –oso zoritxarrez- nahiko presente daukagun memoria historikoaren gaia; frankismoak utzitako zauriak eta ez-auziak hain zuzen ere. Denetarik egongo da obra hortan: sentimendu kontrajarriak askotan, tristeak, baina baita ere pozgarriak.

Etortzen al zara Durangoko Azokara? Horrela bada, ze plan egiten dituzu etortzen zarenean? Beti interesatzen zaizkit editorial ezberdinek ateratzen dituzten nobela eta idazkiak erostea. Beti gustatzen zait bueltatxo bat ematea bertatik, agendatxoa erostera ere. Batzuetan egun batean joaten naiz, beste batzuetan bi egunetan ere joanda izana nago. Eta antzerki honetaz aparte gainera Markinako nire antzerki taldearekin ibiliko naiz emanaldiak ematen, lagintxo bat aurkeztuz San Agustinen.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn