
Jakin 245/246 : krisi ekosoziala: desazkundea irtenbide?
Zenbait egile
Argitaletxea: Jakin Fundazioa
Urtea: 2021
ISBN: 0211/495X
Deskripzioa
Zientzialariek eta ekologistek hamarkadak daramatzate esaten krisi klimatikoa gainean dugula eta ondorio larri atzeraezinak errealitate direla jada. Planetaren ustiaketa, esplotazio ekologikoa jasangaitza dela; Euskal Herriak bi planeta eta erdi behar dituela geure bizierari eusteko. Krisi klimatikoa soziala ere badela, milioika errefuxiatu klimatiko daudela munduan, kutsadurak eragindako planetaren berotzearen eta desertizazioaren ondorioz euren herrialdeak utzi beharrean. Erantzunaren aztarnak hamalau aditu, zientzialari, aktibista eta eragilek ondutako hamaika artikulutan topa ditzakezu, topa eta osa, auzi asko azaleratzen baitira, denak ere elkarri lotuta daudenak: krisi ekologikoa eta gobernantza berrien beharra; ekofeminismoaren ekarpen funtsezkoa; naturaren babesa planetaren eta geure buruen babesa izanik, geure basoen, uraren, energiaren, hondakinen eta elikaduraren lanketa erresilientearen beharra. «Zuretzako propio hamar bertso jarri/ azalduz diru gose, kontsumo egarri/ gure bizimoduak ordaina ekarri/ digun arte nola inor ez zen larri/ ea ez diren zure entretenigarri», kantatu ziguten Eli eta Manex Pagolak Usurbilen, cumbia erritmoan. Ea irakurketa entretenigarri bai baina pentsagarri eta ekingarri zaizun.Egunen gurpilean sailean, Maialen Akizu Bidegain, Jaime Altuna Ramirez, Iñigo Martinez Peña.