
Aho Uhal
Olatz Salvador
Urtea: 2022
Euskarria: Biniloa
Deskripzioa
Olatz Salvadorren musika ez da laua, labirinto bat dirudi. Suge baten antzera okertuz
herrestatzen da gure azalaren gainetik. Sigi-saga doa aurrera eta gure ahulune eta zaurien inguruan bihurritzen da, leuntasunez, haien gainean ukendu bat zabaldu nahian bezala.
Eta ukendua aldi berean da gozo eta mingots, atximurka eta laztana. Izan ere, gureak bezala sentiarazten dizkigu kantuetan azaltzen dituen beldurrak, hutsuneak, dardarak... Bat egiten dugu barrenak nola baretu ez dakien ahots horren minarekin; baina, aldi berean, haren ahots leun eta biziak zerurantz begira jartzen gaitu, gure zauri zailenen gainetik zoriontsu izateko baimena dugula sinestaraziz. Zatoz, xuxurlatzen digu belarrira, utzi egunari gaua orbaintzen.
Eta gu bagoaz, lasaitu ederra hartuz. Olatz Salvadorren abestiek egia bat gordetzen dute, bere ahotsarena, eusten dion musikari esker indartu egiten dena. Lehen kantutik, intro funtzioa betetzen duen “Gaua” izenekotik, igarri dezakegu disko guztia bilduko duen giro intimo eta apur bat onirikoa, zeinen baitan ahots leun eta zehatz batek uluka egiten dion eguzkiari, gauari, zeruari, portuei, itsasoari, mamuei, izarei, arrakalei, kale egiten diguten kaleei... Eta gora eta behera garamatza, mareak bezala, uhin zakarrik eragin gabe, baina sakoneko erresaka baten indarrez. Abesti bakoitzaren elementu guztiek erakusten duten batasun konplizeak ematen dio hein handi batean indar hori: ahotsa eta musika elkarri adi daudelako, elkar zaintzen dutelako, abestietan aurrera egin ahala elkar indartzen dutelako. Horrela gertatzen da, adibidez, “Ez garen gu” sakon eta zirraragarrian, “Ahots hari” aberatsean, “Ba hori” hipnotikoan edota “Gelditu hor” sendoan,
batzuk aipatzearren.
Batasuna eta soinu trinkoak baditu bere arrazoiak, besteak beste, Pablo Novoak egindako ekoizpen eraginkorra eta musikari guztiak helburu beraren zerbitzura egoteko duten abilezia.
Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua), Pablo Novoa (gitarrak, programazioak eta sintetizadoreak) eta Mattin Saldias (gitarrak), denak ari dira leku berdinerantz bultzatzen, denak osotasun baten parte direla erakusten. Rozalén (“Ahots hari” - Alaia Martinen hitzekin), La Mare (“Mareak”), Idoia Asurmendi (“Gelditu hor” - Ane Labakaren hitzekin) edo Ivan Ferreiroren (“Promesas que no valen nada”) kolaborazioek, gainera, jada perfektua zen egitura bati berniz distiratsu bat ematea lortzen dute.
“Aho uhal” diskoa barruraino bustitzen gaituen zaparrada zintzo bat da. Zuzenean lotzen gaitu gure ahuldade eta hutsuneekin eta bat batean gogoratzen digu hauek ere badirela gure bizitzaren parte, bagarela ez garena ere, falta zaiguna, desiratzen duguna... eta beldur izateko, akatsak egiteko, ezegonkor sentitzeko, lekuz kanpo egoteko, perfektuak ez izateko lizentzia dugula.
Olatz Salvadorren ahotsak, belarrira xuxurlatutako garrasi horrek, eta inguratzen duen
musikak, ahuldadearen indarra eta edertasuna erakusteko dohaina dute. Eta bide batez,
norberaren hauskortasunaren xarma ezagutzen laguntzen digute. Geure burua inoiz baino ederragoa sentitzen dardarka gaudenean.