
Harria
Harria
Diskoetxea: Ekinez
Urtea: 2022
Euskarria: CD
Deskripzioa
Harriaren pareko zama da batzutan bizitza, harria da baita ere bizitzako pasarte batzuetan sentimenduetan arakatu nahi izan gabe kanpora eman ohi dugun irudia; eta harriak funtsean irudikatzen du gure barneko lanketa eta ibilbidea gauzatu ostean lortzen dugun emaitza, iraunkorra eta sendoa.
Harria-ren inspiratzaile, sortzaile eta gidari den Aitor Aldanondo bergararrak bizipen sendoak pilatu ditu musikan zein bestelakoetan. Brigada Criminal taldea desegin zutenetik punk-rocka alboratuta dauka, eta ez da kasualitatea, ez, gerora, besteak beste, Fiachras zein Bizardunak-en gisako taldeetan aritu izana; hain zuzen ere, poseetatik harago rockaren (eta zergatik ez, folkaren) sustraietara jo izana.
Orain, bestelako bizitza prozesutan murgilduta, barrurago begiratu du eta gertukoek –Maitane, Ekaitz eta Guille- lagunduta, honako proiektua sortu du; are gehiago, Ekaitzek ‘Erantzun bat’ eta ‘Ainubean’ kantuak idatzi ditu. Ariketa sakona da diskoa garbiketan, hitzetan eta musikan; eta, gainera, kantuak borobiltzeko kolaborazio zehatzak batu ditu.
Hamabi kantu batzen dituen estraineko lan honek asko du barrura begiratzetik, sufritzetik, lanketatik, lorpenetatik zein garapen eta moldaketa aberatsetatik. ‘Saturno’ da girotze ariketa instrumentala, Calexico eta Morricone-ren etxeetakoa. ‘Garena’ Hertzainak-en eskolako rock indartsua, tarteka okertzen eta kiribiltzen dena. ‘Hau dena bukatzen denean’ Unidad Alavesako Artolarekin erdituta dago Shane McGowan-en upeltegi beretsuan. ‘Gaua’-k oinarri elektronikoa du, nahiz eta parrandan irteteko rockero eta noisy jantzi. ‘Kabia’ gure folkari, sustraiei, gorazarre egiten dion pieza ederra. ‘Ainubean’ Stones, Ruper eta Hertzainak kamerino berean batzen dituen rock klasikoa. ‘Hil ala bizi’ balada orkestral zintzo eta barnerakoia. ‘Erantzun bat’ erabateko hit! fronterizoa; adi Maitaneren ahots erregistroei!. Jarraian dator ‘Finis gloriae mundi’ rocka psikodelian blaitzen duen pieza sixty oso berezia. ‘Amildegian’ da aitzakiarik gabeko rocka, betikoa, kaosera bultzatutakoa. Kaosaren tonikan harritu nau onerako Ama Say eta Cave-ren pareko misterioak ‘Iluna eta argia’ kantuan Kubako tumbaoa-ren ospakizunarekin talka egiteak; itzela! Eta azkenik, lan ausart eta jantzi hau ixteko, ‘Bat’-ek giro espazialak, hillbillya, rocka eta –nola ez- psikodelia ezkontzen ditu, diskoaren bukaera eta hasiera berri bat irudikatuta.