Korapilatu
Hezten Aisialdi Euskaltzalea
Ubicación en la feria: Artekale 043
14.5 €
Año: 2024
Euskarria: Mahai-jokoa
Descripción
Hitz, irudi eta hizkiak lotu eta pilatu!
Azalpen orokorra:
Karta-jolas honetan, hizkiak, hitzak eta irudiak topatuko dituzue. Karta guztiek irudiak dituzte alde batean eta, bestean, hitzak eta hizkiak. Jolaserako aukera mordoa dituzu, beraz, eskuartean. Helburua, hitzen eta irudien arteko lotura egitea izango da (hitz-hitz, irudi-irudi edo irudi-hitz). Hitzek eta, batez ere, irudiek bakoitzari iradokitzen diotena askotarikoa izan daiteke, beraz, milaka dira sortu daitezkeen loturak! Guk 3 jolas proposatuko dizkizugu eta, hortik aurrera… eragin irudimenari eta sortu berriak taldean!
Kaxaren barrualdean jolasaren 3 modalitate ezberdinak azalduko dira.
1. JOLASA
Karta-sortan hitzak eta irudiak txandatuko ditugu eta karta guztiak banatuko ditugu jokalarien artean. Korapiloa, berriz, erdian jarriko dugu, guztien eskura. Jokalariek, txandaka, euren multzoko karta bat aterako dute eta kartak agerian utzi ahala, bi karten arteko lotura hitz bakar batez adierazteko gai denak, ahalik eta azkarren, erdiko korapiloa hartu eta erantzuna botako du. Zuzena bada, jokalari horrek lotu dituen kartak (eta pila bereko guztiak) lortuko ditu eta bere ondoan, aparteko multzo batean jarri. Txanda dagokionak jarraituko du kartak ateratzen. Partidan zehar, lotura-hitzak errepikatzea saihestuko dugu. Partida karta guztiak ateratzean amaituko da, hau da, kartak amaitu dituen jokalariak parte hartzen (eta, beraz, kartak irabazten) jarrai dezake, gainerako guztiak amaitu arte.
Aldaera:
·Kartak, txandaka beharrean, guztiek aldi berean ateratzea.
2. JOLASA
Jolas honetan, 16 karta (hitzak eta irudiak) jarriko ditugu agerian eta erdian, korapiloa, denen eskura. Jokalarietako batek gai bat jarriko du (ardura hau partidaz partida txandatuz joango gara) eta, ahalik eta azkarren, gai horrekin zerikusia duten kartak hartzea izango da helburua. Gaia, kartak agerian jarri baino lehen botako dugu (lehendik agerian dauden kartei buelta emango diegu behin gaia entzunda, berriak izan daitezen). Nahi beste karta har daitezke, norbaitek erdiko korapiloa hartu eta, beraz, jolasa gelditu arte. Horretarako, gutxienez bi karta hartu beharko ditugu eta, jarraian, egindako loturak azaldu edo argudiatu. Korapiloa hartu duenak hartutako karta guztiak zuzen argudiatu baditu, karta guztiak lortuko ditu eta gainerakoek, batere ez. Karta horietako bat oker lotu badu, ordea, kartarik gabe geratuko da eta, gainerakoek, arrazoitu beharrik gabe, hartutako guztiak lortuko dituzte. Hartu arren, lortu ez diren kartak multzo nagusira itzuliko dira eta, txanda bakoitzean, erdiko kartak berrituko dira, aldiro 16 egon daitezen. Aldaerak:
·4 jokalari edo gehiagorekin, taldeka jolastea proposatzen dugu.
·Gai-zerrenda bat presta daiteke aurrez.
3. JOLASA
Jolas honetarako, hizkiak erabiliko ditugu. Jokalari bakoitzari karta bana emango diogu eta gainontzekoak erdian pila batean jarriko ditugu. Guztiek, aldi berean, hizkia ahoz gora jarri eta atera duten hizkia eta erdikoa dituen hitz bat esan beharko dute, ahalik eta azkarren. Hitza esaten lehenak, erdiko karta lortuko du; bere pilara gehituko du eta hori izango da bere abiapuntua hurrengo txandarako. Beraz, erdiko pilan hurrengo karta geratuko da agerian, partida berrirako.
Aldaera:
·Hitza erdiko hizkietakoren batekin edo norberaren batekin hasteko baldintza jar daiteke.
Proposatutako jolasak kateatu eta dibertsioa luzatzeko aukera duzu orain! Sortu nahi beste aldaera berri!