400 ikaslek parte hartu dute gaur Durangoko Azokako ekitaldietan

2023/12/07

400 ikaslek parte hartu dute gaur Durangoko Azokako ekitaldietan

Atzoko irekiera eguna arrakastatsua izan bazen, gaurkoa ere ez da atzean geratu. Aurreikusi baino jende gehiago etorri da Landakora eta inguruetako guneetara. Erakusmahaietan kuxkuxeatzen, tailerretan parte hartzen, sortzaileen sinadurei itxaroten…

Gaur Ikasle Goiza ospatu da, eta Euskal Herri osoko 400 haur eta gazte etorri dira egunpasa. Iruñea, Altsasu, Bera, Baiona, Lekeitio eta Gautegiz-Arteagako ikastetxeetatik egin dute bisita. Esperimentatzeko aukera izan dute gainera: bideojokoak eta bideoklipak sortzen, palindromoekin jolasten, antzerkiaren barne mundua ezagutzen, filosofiara hurbiltzen…

 

PortaDA! lehiaketan, 546 lan sortuta

Durangoko Azoka hasi aurretik, ikastetxeei beste ekimen batean parte hartzeko aukera eman zitzaien: euskal ekoizpenen azalak bertsionatzea. Portada horien irudiak erabiliz argazkiak egin dituzte, hain zuzen. Guztira 40 ikastetxetan ibili dira sorkuntzan, eta 546 lan bidali dituzte;  LHko 14 ikastetxetan 174 irudi sortu dituzte, eta DBH zein Batxilergoko 26tan 372. Itzela izan da aurtengo partaidetza.


Horien artean, bi azal izan dira saria jaso dutenak: LHko mailan Durangoko Kurutziaga ikastolak, Karmele Jaioren Hamabost zauri liburuaren portada birsortuta. DBH mailan Olabide ikastolak, Andrew Norrissen Mike liburuaren azala berreginda.