Durangoko azoka
Liburu, disko eta bestelako produktuen azoka Landako Gunean kokatzen da.
Argitaletxeek, disketxeek, eragileek eta autoekoizleek azokan parte hartzeko aukera dute. Erakusmahaiak alokatzeko bete beharreko araudia kontsultagai dago.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Durangoko lehenengo Euskal Liburu eta Disko Azoka 1965ean egin zen, Andra Mariko elizpean. Domu Santu egunaren bueltan ospatu zen, azaro hasieran. Sortu berri zen Gerediaga Elkarteak antolatu zituen ekitaldien artean lehenengoetarikoa izan zen. Frankismoaren diktadurapean azoka hark helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea. Hainbat baimen lortu behar izaten ziren hasierako urte haietan, tartean Gobernadore Zibilarena ere bai.
Elizpean baserritarren merkatua izaten zen larunbat goizetan, eta lehenengo urte hartan ere goizez ohiko merkatua egin zen. Arratsalderako, bizpahiru orduko lanen ondoren, prest zegoen liburuen eta diskoen azoka. 25 editoreren lanak 18 standetan aurkeztu ziren.
Azokaz gain, bestelako ekitaldi kulturalak ere antolatu ziren: dantza-erakustaldiak, zinema-proiekzioak, erakusketa bibliografikoa eta abar.
Merkatu plazako garaia
1973. urtera arte Andra Mariko elizpean egin zen euskal liburu eta diskoen azoka. Baina, tarte hartan urtebeteko etena egon zen: 1967an ez zen azokarik egin, Andra Mariko elizan konpontze-lanak egin zirelako eta baldintza horietan ezin zitekeelako ezer antolatu.
Azokak hartutako oihartzuna ez zen izan Frankismoko gobernadore zibilaren gustokoa. Aitzakia bezala erlijio arrazoiak ipinita, Andra Mariko elizpean egitea galarazi zuen. Debeku horren ondorioz, liburu eta diskoen azoka merkatu plazara eramatea izan zen Gerediaga elkarteak topatutako irtenbidea. Azoka Andra Mariko elizpean errotu samar egon arren, egoitza berria egokiagoa zen. Andra Mariko elizpea ekitaldi kulturaletarako erabili izan zen gerora.
IX. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka merkatu plazan egin zen. Eta modu horretan merkatu plazan egin zituen urterik gehienak, 1974tik 1995era arte.
Landako Guneko epeltasunera
Euskal Liburu eta Disko Azoka indartzen joan zen denborarekin: partaideak ugaritzen joan ziren, bisitari kopurua handitzen urterik urte... Merkatu plazaren lau hormak txiki geratu ziren eta espazio finko baten faltan, 1996tik 2002ra Durango herriko orube askotan karpak instalatu behar izan zituen antolakuntzak. Euskal kultura gozatzera eta babestera zetozen bisitariei lekua egitea izan zen karpan egokitzearen helburua. Lekurik leku ibilitako garai horretan, tartean, Landako eremuko lurzoruan ere egokitu zituzten karpak.
2003an Landako Gunearen epeltasunera igaro zen azoka. Horrela, leku handiagoa, azpiegitura egokiagoa eta espazio erosoagoa lortu zuen ekimenak, baita aurrera begirako aterpe bat ere. Antolakuntzako kideen gurari garrantzitsu bat bete zen espazio finkoarekin.
38. azokan 271 erakusmahai ipini zituzten argitaletxe, diskoetxe, elkarte eta erakundeen artean.
Guneekin, azoka zabaltzen
Urte batzuk lehenagotik, azoka baino izaera zabalagoa hartzen hasi zen jaialdia, Haur Literatur Aretoa (gaur egungo Saguganbara) martxan jarri zenean, kultur transmisioan eragin asmoz. Teknologia berrien eremua ere zabaldua izan zen, sasoiko eskaintza ren garapena aintzat hartzeko. Baina, 2008an pauso esanguratsu bat eman zen bide horretan, sortzaileen eskutik Ahotsenea egitasmoa jaio zenean.
Ahotsenearen lehen edizioan Elkartegiaren atzekaldean egin zituzten aurkezpenak, abenduaren 6ko egunez. Sortzaileen artean, Xabier Amuriza, Kirmen Uribe, Rafa Rueda eta Keu aritu ziren, besteak beste. Gainera, bost egun lehenago hil berria zen Mikel Laboari omenaldia ere egin zioten.
2008tik aurrera, gunez gune handitzen eta zabaltzen joan zen Gerediaga elkarteak antolaturiko jaialdia, azoka hutsetik harago joanez, diziplina ugarietako aurkezpenei lekua eginez. Durangoko Azoka bilakatu zen. Gaur egun zortzi gune ditu: Ahotsenea, Atartea, Berbagailua, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia.
Sormen Bekarekin, etorkizunera begira
Durangoko Azokak etorkizunera begira ipini, eta Sormen Beka antolatu zuen lehen aldiz 2018an, sortzaile berrien lana hauspotzeko asmoz. Etzi Portu Maritimoa taldeak eskuratu zuen bekaren laguntza, Atopia RPG rol jokoa garatu ahal izateko.
Beka honen helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berrien lana ezagutzera ematea da. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak euskarazko lanen zabalkundea egin eta sortzaile berriei bidea erraztu nahi diete, Durangoko Azokaren bueltan.
Kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituen diziplinak izaten ditu kontuan Sormen Bekak, eta urtez urte arloa aldatzen joaten da: musika, literatura, antzerkia, ikus-entzunezkoak, haurrentzako ekimenak... Azoka egunetan ematen da saridunaren berri, eta bekaren emaitza ere bertan aurkezten da lehenengoz jendaurrean.
Gerediaga Elkartea
1965. urtean sortu zenetik Durangaldearen alde lan egiten duen elkartea da. Durangoko Azokaren antolatzaile nagusia da, eta antolaketa taldera batutako beste elkarte, erakunde eta taldeen koordinatzailea ere bai.
Izan eta eragin lemari jarraituta, Durangaldeko kultura, historia eta ondarea zabaltzeko lan egin gura du, gizarteari eta euskal kulturari ekarpena egiteko.
Eskualdeaz arduratzeaz gainera, euskal kulturgintzak leku garrantzitsua izan du elkartearen ibilbidean. Era horretan, gaur egun Euskal Herriko kultur ekintza garrantzitsuenetakoa bihurtu den Durangoko Azoka antolatzeari ekin zion sorreratik.
Babesleak