Aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu Azokako 56. edizioak

2021/10/06

Aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu Azokako 56. edizioak

"Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA!". Hala iragarri du Gerediagako presidente Nerea Mujikak gaur Durangoko Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Durangoko Azokako 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra antolatuko da "baDA!" lelopean, eta aurrez aurreko salmenta eta online denda uztartuko ditu. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra, eta online denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra durangokoazoka.eus webgunean. Azoka presentziala eta digitala izango da aurten, beraz.

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, edizio honetan "itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!". Landakoguneak biltegi izateari utziko dio eta bizia hartuko du 56. edizio honetan berriro ere, aurrez aurreko 220 erakusmahairekin, 152 partehartzaileren eskutik. Azokako antolatzaileek adierazi dutenez, Landakoguneak izango duen aforoa eta Azoka bisitatzeko osasun-neurriak zeintzuk izango diren aurrerago zehaztuko dira.

Mujikak eskerrak eman nahi izan dizkie izena eman duten argitaletxe, diskoetxe, eragile eta autoekoizleei: "Badakigu askorentzat une zailak direla eta datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderez beteta daudela. Eta hala ere Azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute. Eskerrik asko Durangoko Azokan sinesteagatik".

Aurrez aurreko salmentaz gain, bigarren urtez Azokak online denda izango du bere webgunean. Bertan erosi ahal izango dira Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak... "Iazko esperientziari jarraipena emanez, norberaren etxetik Azokaz gozatzeko aukera ere izango da, eta Azokako produktuak online dendan eskuragarri egongo dira".

Egitarauari dagokionez, Azokak aurrez aurreko jarduerak ere izango ditu abenduaren 4tik 8ra, gune eta diziplina ezberdinetan. Horrez gain, Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak eta Ahotseneako zuzenekoak ere jarraitu ahal izango dira durangokoazoka.eus webgunean. Urriaren 8an irekiko da epea kultur sortzaileentzat Azokako egitarauan parte hartzeko proposamenak bidaltzeko, gune ezberdinetarako.