BaDA!bil 03x02: Lehiaren kultura, kulturaren lehia

2025/11/12

Lehiak edozein ikuskizun egin du hobe, kitzikagarri. Ion Celestinoren aitonak esaten omen zuen: “Beti izanen da ederragoa 21na doan pilota partidua 21-4 doana baino”. Baina balio al du kirolean pizgarri den horrek kultur jardunean? Nola eragiten du sortzaileengan lehiaketa, txapelketa eta dirulaguntza deialdietan lehiatzeak? Zeintzuk izan daitezke alternatibak?

Galdera horiek erantzuten saiatuko da atal honetako hirukotea. Bertsolaritza izango da agian lehia modu esplizituenean bizi duen disziplina, ondo daki Oihana Arana bertsolari eta idazle eskoriatzarrak. Baina azken urteetan gaiari itzuli bat ematen saiatu dira Señora sariketan. Idazlea eta itzultzailea da Danele Sarriugarte elgoibartarra. “Beste zerbait” izeneko eleberri mutantea argitaratu berri du, haren ibilbideko hirugarrena. Mikel Ayllon laudiotarra ere idazle eta itzultzailea da. Besteak beste, Urruzuno literatur-lehiaketako egonaldien koordinatzailea ere bada. Eta anabasa honetan gidari eta bidelagun Amets Aranguren.