2024/11/04
Bihar, azaroak 5, hasiko da BaDAbil podkastaren denboraldi berria. Durangoko Azokaren bueltan jaiotako ekimena da, eta horren aitzakian euskal kulturaz gogoeta egitea da helburua. Sei atal izango ditu, Amets Aranguren kazetari eta musikariak aurkezturik. Atal bakoitzean, 3 sortzaile izango dira gonbidatu. Besteak beste, Maite Arroitajauregi, Itxaro Borda eta Kiliki Frexko dira euretako batzuk.
Sei atal eta hamaika kontu eskainiko ditu BaDAbil podkastak. Gainera, atal horietako azkena Durangoko Azokan bertan garatuko da, zuzenean. Durangoko Azokaren eta EITBren arteko elkarlanetik jaio zen iaz eta, beraz, aurtengoa bigarren denboraldia izango da. Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da grabaketez eta produkzioaz.
Gaurko honetan, podkastaren teaserra aurkeztera gatoz. Atal guztiak EITBpodkast atarian, EITBren youtubeko kanalean eta webgune honetan egongo dira ikusgai, eta bihar ikusiko du argia lehenak. Bertan, Maite Arroitajauregi, Idoia Tapia eta Xabi Ojinaga ariko dira solasean Amets Arangurenekin. Bihartik aurrera, asteartero sareratuko dira atalak, azoka heldu bitartean.
Hartzea ematea denez, hartu nahi beste!