DA! PRO topaketa, sortzaile eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko

2023/10/19

DA! PRO topaketa, sortzaile eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko

Topaketaren bosgarren edizioa izango da honakoa eta BBK da babesle nagusia. Gainera, Musika Bulegoarekin batera antolatuko da musikariei begirako jardunaldia, eta familia ikuskizunena Berbaro eta Bizenta Mogel bibliotekaren laguntzarekin.

Euskal kultura sendo eta osasuntsu egotea da Gerediaga elkartearen ametsa edo fantasia. Hain zuzen ere, Fantasia DA lemapean garatuko da aurtengo Durangoko Azoka. Euskal kultura bultzatzeko urteroko zita garrantzitsua den arren, aparteko ekimenak ere beharrezkoak dira, eta norabide horretan jaio zen duela bost urte DA! PRO topaketa. 

Aurreko urteetako ibilbide oparoari jarraipena emanez, DA! PRO topaketaren bosgarren edizioa ospatuko da azaroaren 28an eta 29an, musikaren eta familia ikuskizunen sektoreetako sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko helburuarekin. Durangoko Azokaren eskutik dator ekimena, eta BBK izango da babesle nagusia. Bertan parte hartzeko inskripzioa martxan dago webgune honetan bertan; sortzaileek urriaren 31ra arteko epea dute, eta programatzaileek azaroaren 27ra artekoa.

DA! PRO topaketan, sortzaileek euren lanak erakutsi ahalko dituzte sektoreko programatzaileen, teknikarien eta bestelako profesionalen aurrean. Aurkezpenak euskaraz izango dira. Azaroaren 28an, familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko dituzte Bizenta Mogel udal bibliotekan; biblioteka bera eta Berbaro euskara elkartea ekintza horren laguntzaile dira. 29an musikarien txanda izango da, Musika Bulegoarekin batera antolaturiko ekimenean, eta kasu honetan Plateruena kultur aterpean. Jardunaldi biak 09:00etatik 14:00etara garatuko dira. Topaketari esker, urtean zehar Euskal Herriko kultur aretoetan ekintzak prestatzen dituzten programatzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte sortzaileen lanak.

Gainera, topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan -musika eta familia ikuskizunak- jasoko dira. Katalogo hori teknikarien eta programatzaileen eskura ipiniko da eta urtean zehar kontratazioak egiteko erabilgarri izango dute. Topaketara etorri ezin duten programatzaileek, izena emanez gero katalogoa jasoko dute.

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak MusikaGaz Fest jaialdia antolatuko du urtarrilean eta, nobedade modura, nabarmentzekoa da kontzerturako zenbait talde DA! PRO topaketan parte hartuko duten musikarien artean hautatuko dituela.