2023/09/11
Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza bihurtuko da abenduaren 6tik 10era. Ekoizpenen erakusketaz gainera, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak eta musika zein antzerki emanaldiak egongo dira, besteak beste.
Kulturzaleei egitarau zabala eskaintzeko asmoz, guneetako antolatzaileak prestaketa lanetan hasi dira, eta bertara proposamenak bidaltzeko aukera zabalduko dute irailaren 15ean. Sortzaile, argitaletxe eta disketxeek hilabeteko epea izango dute euren ideiak aurkezteko, urriaren 15era arte, hain zuzen ere. Webgune honetan, izen-emateen atalaren bidez, egin beharko dute proposamenen bidalketa. Hauek izango dira azokako guneak: Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia.