2024/10/03
Durangoko Azokaren izenean Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea eta Beñat Gaztelurrutia koordinatzailea izan dira bilkuran, eta EITBren izenean Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak parte hartu du. Euskal kultura sustatzeko bidean bat egin dute horrela.
Nerea Mujikaren esanetan, albiste pozgarria da Durangoko Azoka eta EITBren arteko hitzarmena. “EITB taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu, babesletza honen bidez Durangoko Azoka indartu egingo delako. Izan ere, askotariko bidelagunak behar ditu azokak: sortzaileak, partaideak, herritarrak, erakundeak eta babesleak ere bai”, nabarmendu du Gerediagako presidenteak.
EITBk ere atsegin handiz hartu du lankidetza eta Durangoko Azokako babesle bilakatzea. Andoni Aldekoak aliantza egonkor bat sinatzearen garrantzia eta “euskara eta euskal kulturaren herri adierazpen handian, gure presentzia handitzea” nabarmendu du. Azpimarratu du, halaber, EITBren eginbeharra eta helburuetako bat dela Euskal Herrian gertatzen eta antolatzen diren ekitaldi garrantzitsu guztietan egotea.
Beñat Gaztelurrutiak balio garrantzitsua eman dio hitzarmenari. “EITBren babesletzari dagokionez, nabarmendu nahi dugu euskal kulturgintza bistaratzeko urrats garrantzitsua izango dela, nahiz eta jakitun izan Durangoko Azoka kulturgintza horren zati bat baino ez dela. Bide handia dugu egiteko zeregin horretan, eta urrats honek bidea erakusten digu”.
EITBk Durangoko Azokaren berri emateko ahalegin berezia egingo du aurrerantzean. Irrati, telebista eta eremu digitaleko edukietan tarte handiagoa eskainiko dio euskal kulturaren topaguneari, eta azokatik bertatik hainbat saio emitituko ditu.
Durangoko Azokak eta EITBk aurrez ere kolaborazioak landu izan dituzte, hala nola Biba Zuek magazinean, Mihiluze saioan edo irratietako kultur tarteetan. Gainera, iaz BaDAbil podkasta ipini zuten martxan elkarrekin, sorkuntzaren ertz ugarien inguruan gogoetak pizteko helburuz. Go!azen-eko lagunak ere urtero egoten dira Durangoko Azokan eta EITBk kultur plaza hori baliatzen du estreinaldi bereziak egiteko. Kolaborazio horiek mantendu eta berriak sortuko dira sinatu berri duten hitzarmenari esker.