2025/12/08
Joxe Azurmendik euskal kulturgintzari egindako ekarpena aitortu eta eskertzeko helburuz, Jakinek eta Gerediagak ekitaldi berezia antolatu dute gaur, Durangoko Azokan. XX. mendeko euskal pentsalari handietakoa hil den urte honetan, bere ondarea gogoratu nahi izan dute eragileek, sortzaileek eta kulturazaleek. Landako Guneko areto nagusian bildu dira, kulturaren jaialdiaren azken eguneko ekitaldien barruan.
Jakin fundazioko Lorea Agirrek eta Gerediaga elkarteko Beñat Gaztelurrutiak eman diote hasiera ekitaldiari. Lorea Agirrek adierazi du Jakinentzat erreferente izan dela Azurmendi, 60ko hamarkadan aldizkarira batu zenetik azken unera arte, eta “haren pentsamendu nahiz praktika askatzaileak geroratzeko lan egingo” dutela aurrerantzean ere. Beñat Gaztelurrutiak, segidan, Azurmendiren lana elkarrizketan jartzeari garrantzia eman dio, goizean Durangoko Azokako Sormen Bekarekin saritu den egitasmoarekin lotuta, honek Azurmendiren lana izango baitu oinarrian. Ondoren, Azurmendiri buruz argitaratu duten aldizkari monografikoa, Jakin 269-270, aurkeztu du Jakineko kide Haritz Azurmendik. Kulturgintzan diharduten ia ehun lagunen gogoetak eta iruzkinak idatzi dituzte bertan, Azurmendiren soslaia askotariko bat osatuz. Ekitaldia Manifestu atzeratua poema ezagunaren talde-errezitaldiarekin amaitu dute, Iñigo Astiz, Castillo Suarez, Josu Landa, Leire Bilbao, Oihane Zuberoa Garmendia, Iñigo Satrustegi eta Leire Vargasen eskutik. Ainara Lasaren irudi-sorkuntza batek eta Miren Narbaizaren musikak jantzi dute poemaren irakurketa.
Joxe Azurmendi 1941ean jaio zen Zegaman, eta Donostian hil 2025eko uztailaren 1ean. Jakin Taldeko kide, EHUko irakasle eta azken hamarkadetako euskal pentsalari emankorrena izan zen. Euskararen, euskarazko kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko hautuak eraberritzen funtsezkoa izan zen haren pentsamendua 60-70eko hamarkadetan. Minorizazio eta zapalkuntza egoera betean, euskararen alde egitearen zentzuaz galdetu zuen, eta aldarrikatu jaiotzak ez, ekiteak egiten duela bat euskaldun; euskararen aldeko praktika jarraituak elkartzen duela diren eta izango diren euskaldunen komunitatea. Bere garaiko eta etorkizuneko euskaldunentzat pentsatu zuen filosofoa izan zen, eta 40 liburutik gorako obra utzi du, guztia euskaraz idatzia.
Pentsalari zegamarraren ibilbide intelektuala Arantzazun frantziskotarrekin hasi zen. 60ko hamarkada erdian Europan barrena jarraitu zuen, bereziki Alemanian, eta frankismo ostean Euskal Herrira itzuli zen. Harrezkero, garaian garaiko auziak pentsatzeko marko propioak eraikitzen aritu zen. Nazioaz, biolentziaz eta haren kondenaz, pentsamendu sozialaz, gizabereaz, euskal pentsamenduaren genealogiaz… aritu zen bere lanetan. Arloz arlo, modernitatearen ideia hegemonikoen irakurketa kritikoa egin zuen, Euskal Herritik eta euskaraz.
Azurmendiren pentsamendua etorkizunean
Joxe Azurmendiren ekarpena ez da iraganean iltzatuko, eta horren adibide da aurtengo Durangoko Azokaren Sormen Bekaren proiektu irabazleak pentsalaria duela erdigunean. Komiki formatuko lana garatuko dute Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarinek, eta Azurmendi pentsalari zein erreferente feministekin hizketan jarriko dute, fikziozko istorio batean. Beraz, Azurmendiren pentsamendua eztabaidan, dialogoan, egongo da etorkizunean. Izan ere, bekaren irabazleek urtebete izango dute lana burutzeko, eta 61. Durangoko Azokan ikusiko du argia.