Konfekoop Durangoko Azokaren babesle izango da

2023/09/26

Konfekoop Durangoko Azokaren babesle izango da

Eragile bien ordezkariek lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta horri esker euskal kulturaren aldeko bidelagun izango dira. Konfederazioaren egoitzan eginiko bileran, Gerediaga elkartearen izenean Nerea Mujika presidentea eta Beñat Gaztelurrutia koordinatzailea egon dira, eta KONFEKOOP-en partetik Rosa Lavin presidentea eta Iñaki Nubla zuzendaria.

Ikusi hitzarmenaren ikus-entzunezkoa 

Nerea Mujikak adierazi du hitzarmen garrantzitsua dela gaur sinaturikoa. “KONFEKOOP-ekin oso eskertuta gaude, hitzarmen honen bidez Durangoko Azokari bultzada emango zaiolako”. Izan ere, euskal kulturaren plaza antolatu ahal izateko, babesleen partaidetza ere beharrezkoa da.

Iñaki Nublak, KONFEKOOP-eko zuzendariak, euskara eta euskal kulturarekiko duten konpromisoa berretsi nahi izan du. “Eguneroko jardunean euskara indartzea eta bultzatzea da gure helburuetako bat, eta horretan dihardugu. Bide batez, Gerediaga elkarteari gure esker ona eman nahi diogu, 1965etik, urtero-urtero, Durangoko Azoka euskalgintzaren abagune eta euskararen eta euskarazko kulturaren erakustoki izateagatik”. Kooperatiben konfederazioko presidente Rosa Lavinen arabera, hitzarmena luzaroan mantentzea nahi lukete. “Ohore handia da KONFEKOOP-entzat Durangoko Azokako kolaboratzaile eta bidelagun izatea, eta espero dugu gaur formalizatzen dugun lankidetza ibilbide luzekoa izatea”, adierazi du Lavinek.