Kulturzaleen ardurari esker, Durangoko Azokako 56. edizioa ere baDA!

 

Kulturzaleen ardurari esker, Durangoko Azokako 56. edizioa ere baDA!

- Durangoko Azokak edizio honetako balorazio positiboa egin du. Landakora sartzeko erreserba-txanda guztiak agortu dira, 25.000 kulturzale baino gehiago izan ditugu Landako Gunean eta bisitariek osasun-neurriak bete dituzte Azokako gune guztietan.

- Kulturzaleek aurrez aurreko Azokari eman diote lehentasuna. Salmentak etengabeak eta orekatuak izan dira Landako Gunean, eta online dendan 1300 erosketa egin dira, 5400 produkturekin. Azokako webguneak 110.000 bisita izan ditu, eta streaming kateetan 21.000 lagun konektatu dira.

Durangoko Azokak 56. edizio honetako balorazio positiboa egin du gaur. Aurten kulturaren plaza osasun-neurrietara egokituta antolatu behar izan da, eta Azokak kulturzaleen eta parte-hartzaileen (argitaletxe, diskoetxe, sortzaile...) konpromisoa eta ardura eskertu eta azpimarratu nahi izan du. Gerediagako presidente Nerea Mujikaren hitzetan, "eskaera egin genuen Azokan erantzukizunez jokatzeko eta osasun-neurriak betetzeko, eta erantzuna bikaina izan da. Kulturaz gozatu ahal izan dugu modu seguruan, eta hori denon ardura eta konpromisoari esker izan da. Zuei esker Durangoko Azoka baDA!".

 

Bi urteren ostean aurrez aurreko kulturaren plaza berreskuratzea izan da Durangoko Azokaren lehentasuna. Helburua betetzea lortu du Azokak, beraz: "Pozik gaude berriro ere batzeko aukera izan dugulako, kulturzale eta sortzaileak plazan elkartu ditugulako berriro, egungo egoerara moldatuta bada ere". Azoka osasun-neurrietara egokitu behar izan da aurrez aurrekoari eusteko, eta, tartean, erreserba-sistemak ezarri ditu Landakon eta Plateruenan. Landako Gunearen kasuan 25.000 bisitari baino gehiago izan ditugu, erreserba guztiak agortu dira, eta publikoaren jarrera ezin hobea izan da: "Eskertu nahi dugu bisitariek une oro izan duten jarrera eta prestutasuna: ilaretan itxaroteko, Landako Gunea husteko, pilaketak ekiditeko... Kultura segurua dela argi geratu da beste behin ere".

 

Alde digitala eta presentziala uztartu ditu aurten Azokak lehen aldiz, eta kulturzaleek aukera biak izan dituzte Azokaz gozatzeko. Bisitariek aurrez aurreko salmentari lehentasuna eman diote, “argi geratu baita Durangoko Azoka bertatik bertara bizitzekoa dela”. Aurrez aurreko erakusmahaietan salmentak etengabeak eta orekatuak izan dira bost egunetan. "Bisitari askok nabarmendu duten bezala, inoiz baino erosoagoa izan da erakusmahaietara gerturatu eta sortzaileekin zuzenean egotea". Partaide batzuek diotenez, aurreko edizioetako salmentekin alderatuta, salmenta-kopurua orokorrean baxuagoa izan da, bisitari kopurua ere baxuagoa izan delako.

 

Online dendari dagokionez, abenduaren 3tik 7ra 1300 erosketa egin dira durangokoazoka.eus webgunean, eta guztira 5400 lan erosi dira. Batazbesteko gastua 58 eurokoa izan da erosketa bakoitzeko.

 

Webguneak 110.000 bisita baino gehiago jaso ditu abenduaren 3tik 8ra arte, eta streaming kateari dagokionez, 21.000 lagun konektatu dira abenduaren 4tik 8ra eskainitako zuzeneko kanal bietan.

 

Aurten Azokako guneak ere itzuli dira kulturaren plazara, eta balorazio positiboa egin dute guneetako koordinatzaileek. Ahotseneako kasuan, Plateruenan ezinbestekoa izan da aldez aurretik erreserba egitea, eta hainbat disko aurkezpenetan aforoa agortu da: Liher, Willis Drummond, Anari, Skakeitan, Kai Nakai, Nikotina, Etxekalte + Habi, Bulego eta McOnak. Literatur solasaldien kasuan, Alaine Agirre, Eider Rodriguez, Jon Maia eta Leire Vargas sortzaileen aurkezpenak izan dira jendetsuenak. Orotara, 7.500 bisitari batu dira Ahotsenean, eta Miren Narbaizak nabarmendu duenez, "giroa oso ona izan da Ahotsenean. Plateruenan momentu oso politak eta goxoak bizi izan ditugu, dantzagarriak asko. Eskertu da zuzenekoak berriz bizi ahal izatea".

 

Irudienearen kasuan ere "poztasuna" da nagusi, "ezberdin baina posible, euskal kulturgintzak merezi duen erronka" gauzatu dutelako, Johana Olabarriaren hitzetan. Mila bisitari baino gehiago izan dituzte azken bost egunetan, eta ekitaldirik jendetsuenak honakoak izan dira: iazko sormen beka irabazi zuen Bañolet websaila, eta Kurdistango Kobane hiriko liburutegiaren istorioa kontatzen duen "Hala ere" dokumentalaren proiekzioa. Ikusleek bereziki "zuzendari edo lanaren sortzaileekin tarte bateko hizketaldia izan ahal izatea" eskertu dute.

 

Saguganbara "handi eta txikien aterpe" izan da egun euritsu hauetan. Marina Agirrek azaldu duenez, gune honek ere mila bisitarien langa gainditu du. Publikoaren joan-etorria gora-beheratsua izan da azken bost egunetan, eta Monika Arratibel eta Xabier Etxanizen "Laino txiki egizu negar poliki" bezalako aurkezpenetan aretoa bete da.

 

Szenatokiari dagokionez, Arantza Arrazola koordinatzaileak azpimarratu duenez, "antzerki eta dantza zaleek bikain erantzun diote programazioari, oso pozik gaude erantzunarekin". Guztira 620 ikusle igaro dira Szenatokitik, eta nabarmendu dutenez, oso publiko gaztea egon da, "antzokietan ez da oso ohikoa". Bagara kolektiboaren "Interakzioa" dantza ikuskizuna izan da ekitaldirik jendetsuena, abenduaren 5ean.

 

Kabi@ gunea aurten Landako barruko Areto Nagusian antolatu da, eta Diana Franco arduradunaren arabera, "eztabaida mamitsuak" egon dira egunotan antolatutako hitzaldi eta mahainguruetan. Aurtengo sormen beka Ibai Aizpuruak sortutako "Barraka" bideo-jokoak irabazi du, eta euskal gamer edo bideo-joko garatzaileen munduak "bultzada bat bezala" sentitu du beka arlo horretara bideratzeak. Francok ere nabarmendu du Kabi@ko eztabaidek sarean izan duten jarraipena.

 

Talaiara, azkenik, "gazte sortzaileekin eta kultur eragileekin egindako mahainguruek erakarri dute jendea", Izaskun Ellakuriagaren berbetan. 500 lagun baino gehiago gerturatu da liburu eta egitasmoen aurkezpenetara, eta sortzaileek eskertu dute euren lan berria erakutsi eta euren lan berriez hitz egiteko lekua izatea.

 

Durangoko Azokako 56. edizioa gaur amaituko bada ere, Azokak jarraipena izango du Euskal Herri osoko liburudendetan urtarrilaren 6ra arte, "Zu non, han DA!" egitasmoari esker. Iaz hasitako ekimen honi jarraipena emango dio aurten Azokak, eta kulturaren plazan eskuratu ahal izan diren sormen-lanak Euskal Herriko 149 saltokitan erosi ahal izango dira, Lizarratik Baionara eta Balmasedatik Elizondora. Zerrenda osoa durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.

 

Azkenik, Durangoko Azokak modu batean edo bestean Azokari babesa eman dioten guztien babesa eta esfortzua eskertu nahi izan du: argitaletxe, diskoetxe, babesle, herri-mugimendu, erakunde... "Badakigu erronka eta esfortzu berezia izan dela guztientzat aurtengo Azoka babestea. Eskerrik asko Azokaren eta euskal kulturaren alde egindako apustuagatik". Azokak aurrez aurre edo online kulturaren plazarekin bat egin duten kulturzaleen konpromisoa eskertu nahi izan du, eta baita ere boluntario lanetan ibili diren behargin guztien laguntza: "Durangoko Azoka kulturaren plaza da, euskal kulturak bizia hartzen duen topagunea, eta hori guztia posible egiten duzuen laguntza eskertu nahi dugu".