2024/09/02
Durangoko Azokaren aurtengo edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean garatuko da, eta bertan erakusmahaia ipintzeko izen-ematea martxan da. Interesa duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein autoekoizleek webgune honetan ERAKUSKETARIA atalean egin beharko dute eskaria. Irailaren 30era arteko epea egongo da inskripziorako.
Horrela, Durangoko Azokaren 59. edizioa prestatzeko lanak hasita daude jadanik. Standen izen-emateaz aparte, egitaraurako proposamenak aurkezteko eta Ikasle Goizean parte hartzeko inskripzioak ere laster zabalduko dira. Aurrerago emango da horren inguruko informazioa.
Lau egunez, euskal kulturaren topagune izango da Durango. Landako nobedadez horniturik egongo da eta, gunez gune, kulturazaleek gertutik ezagutu ahalko dituzte sortzaileek aurkezturiko lanak. Gainera, berbaldietan, mahai-inguruetan eta tailerretan ere parte hartzeko aukera izango dute.
Abenduaren 5etik 8ra, kulturaz gozatzeko lau egun eder izango dira.