Néstor Basterretxearen diseinu eta ilustrazioak ikusgai, Durangoko Museoan

2024/11/29

Néstor Basterretxearen diseinu eta ilustrazioak ikusgai, Durangoko Museoan

Néstor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena bete da aurten, eta Euskal Herriko beste hainbat museo eta kulturgunetan bezala, Durangoko Museoan ere aitortza jasoko du bere lanak. "Nestor Basterretxea. Diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea" erakusketa martxan dago, otsailaren 2ra bitartean. Gerediaga elkartearen eskutik jaio zen erakusketaren ideia, eta Museoaren zein Durangoko Udalaren laguntza izan du. xx. mendeko euskal artista garrantzitsuenetakoa izan zen bermeotarra. 

Basterretxearen sorkuntzan hain ezaguna ez den arlo bat erakutsiko du ekimenak: diseinu grafikoarena eta ilustrazioarena. Hain zuzen, 1940ko hamarkadatik 2012ra bitarteko 50 lan baino gehiago aurkeztu, eta horietako asko lehen aldiz erakutsiko dira. Erakusketa lau ataletan antolatuta dago: diseinu grafikoa, ilustrazioak, marrazkiak eta kartelak. Tartean egongo da Durangoko Azokaren 47. ediziorako sortu zuen kartela ere. 

Durangoko Azokaren eskertza

Erakusketa 59. Durangoko Azokaren egitarauan kokatzen da, Basterretxeari eskainitako beste ekintza batzurekin batera. Abenduaren 7an esker ona adierazteko ekitaldia egingo da, 10:30ean Talaian (areto nagusian). Egun berean, Katrin Alberdik Basterretxearen sorkuntzari buruzko berbaldia emango du, 12:30ean, Museoan. Gainera, artistaren obran inspiratuz collage tailerra ere garatuko dute abenduaren 5eko Ikasle Goizean. 

Bestalde, erakusketak irauten duen artean, hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatuko dira Museoan.