Ximon Agirreren mundu fantastikoa, Durangoko Azokaren kartelean

2023/10/04

Ximon Agirreren mundu fantastikoa, Durangoko Azokaren kartelean

58. Durangoko Azokaren irudia Ximon Agirre artistak egin du. Aurkezpenean adierazi du “Ilusio handiz” hartu zuela aurtengo kartela diseinatzeko proposamena, Durangoko Azoka “kulturaren erakusleiho handi bat” izateagatik, eta baita bertan aurkeztu izan diren zenbait diskoren diseinuak ere egin izan dituelako.

Ikusi sormen prozesuaren bideoa

Kartel honetakoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua. “Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko”, esplikatu du Agirrek. Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburua izan du. “Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak…) pertsonaia fantastikoekin uztartuz”.

Ximon Agirre (Hernani, 1994) Artean graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da. Azken urteotan musika taldeentzat -Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma eta Kilimak, besteak beste- egin du lan gehienbat, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.