2024/12/09
Euskal kulturaren erakusleiho erraldoia izanik, Durangoko Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea, eta, sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea da. Helburu horrekin abiatu zen 2020an ZuNonHanDA! ekimena.
ZuNonHanDA! egitasmoari esker, 59. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu saltokitan izango dira urtarrilaren 19ra arte, eta gaur hasita, horietako 23 dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dela. Beraz, abenduko egunetan zehar, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da. Hain zuzen, kulturazaleengan jarri du arreta aurtengo azokak, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko direlako.
Ekimen honen asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea. Hartzea ematea da, eta aurtengo lelo horri jarraituz, Durangoko Azokan hartuko den indarra Euskal Herriko dendatan emango da.
Ekimenean parte hartuko duten saltokien zerrenda eta aurkezpenen inguruko xehetasun guztiak, webgune honetako ZuNonHanDA! atalean dituzue eskura.