DA! PRO MUSIKA

Musika Bulegoak eta Gerediaga Elkarteak programatzaileen eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko 8. topaketa antolatuko du DA! PRO ekimenaren barruan.

musika

Eguna eta lekua:

61. Durangoko Azokan, azaroaren 26an, goizeko 9:00etatik 14:00etara Durangoko San Agustin kulturgunean.

Ekimenaren helburuak:

  • Euskaraz musika sortzen duten Euskal Herriko musikari eta sortzaileei euren proiektuak programatzaileen aurrean aurkezteko aukera eskaintzea.

  • Programazioetako arduradunek (areto pribatu zein publiko, jaialdiak, udal teknikariak, bestelako erakundeak…) musika proposamen berriak ezagutu ditzaten erraztea.

Topaketaren formatua:

  • 10 musika proiektu hautatuko dira.

  • Hautatutako proiektuek 10 minutuko aurkezpena egingo dute programatzaileen aurrean, aurretik 5 minutuko muntaketa eta line-check azkar batekin.

  • Aurkezpena egiteko, hainbat formatu uztartu daitezke (zuzenekoa, bideoak, ahozko aurkezpena, zuzeneko akustikoa…), nahiz eta proiektuaren zuzeneko formatu originalak eskaintzeko aukera duten proposamenak lehenetsiko diren.

  • Antolakuntzak oinarrizko backline bat jarriko du.

  • Programatzaileek lan-koadernoa jasoko dute aurkeztutako proiektuen informazioarekin. Topaketaren atsedenaldian edo amaieran, programatzaileekin harremanak egiteko tartea izango da.

  • Hautatutako proiektuek 120 euroko laguntza jasoko dute, dietak eta bidaiak ordaintzeko.

  • Aurkezpenak euskaraz egingo dira.

Nori zuzendua:

  • Haien jarduera profesionala musikagintzan burutzen duten eta fakturatzeko ahalmena duten musikariak, sustatzaileak, agentziak, managerrak, diskoetxeak, etab.

  • Hizkuntza nagusia euskara duten musika proiektuak.

Epeak:

Artista/proiektuen izen-ematea: 2026ko irailaren 14tik urriaren 13ra arte.

Programatzaileen izen-ematea: 2026ko urriaren 19tik azaroaren 23ra arte

Harremanetarako: proiektuak@musikabulegoa.eus

Ohar garrantzitsua: izen-ematean emandako informazioa zuzenean erabiliko da programatzaileei banatuko zaien lan-koadernoan. Ez da aldaketarik onartuko.

 

Aukeratzeko irizpideak:

  • Musikaren sektorean adituak diren pertsonak osatutako epaimahai profesional batek egingo du proiektuen hautaketa. Epaimahai honek honako alderdi hauek izango ditu kontuan aukeraketa egiterako orduan:

  • Euskararen erabilera (musika instrumentalen kasuan, proiektuaren komunikazioen hizkuntza hartuko da kontutan)

  • Aurkezten den proiektua Durangoko Azokan nobedadea izatea (album edo EP estreinaldiak) baloratuko da.

  • Musika-ikuskizunaren originaltasuna.

  • Proiektua bide profesionalera bideratzeko nahia.

  • DA PRO! topaketetan jatorrizko formatuan zuzenekoa eskaintzeko aukera eta prestasuna.

  • Musika Bulegoaren bazkidea izatea baloratuko da.

 

Halaber, aukeraketa egiterakoan, kontuan hartuko dira musika-estilo aniztasuna, genero berdintasuna eta lurralde-oreka. Gainera, aurretik DA!PRO edo Musika Bulegoak antolatutako antzeko topaketetan parte hartu ez dutenek izango dute lehentasuna.

MusikaGaz Fest 2027:

Haien lanak DA! PRO topaketetan aurkezten dituzten talde eta artista gazteek MusikaGaz Fest jaialdiaren bosgarren edizioan parte hartzeko hautatuak izateko aukera dute. Ekimen hau posible da Amorebieta-Etxanoko Udalaren, Gerediaga Elkartearen eta Musika Bulegoaren arteko lankidetzari esker.

Jaialdia 2027ko urtarrilaren 30ean izango da Amorebieta-Etxanoko hainbat agertokitan, eta DA PRO jaialdian parte hartzen duten artista hautatuek kartela osatuko dute, topaketan aurkeztutako katxea errespetatuz. MusikaGaz Festen parte hartzeko hautatuak izateko, musikariek edo sortzaileek 35 urte baino gutxiago izan beharko dituzte bakarlari izanez gero, edo taldearen %80k adin hori gainditzen ez duten pertsonek osatu beharko dute.

Iaz, Durangoko Plateruena aretoan aurkeztutako hamar proposamenetatik sei programatu zituen Amorebieta-Etxanoko jaialdiaren antolakuntzak.