Sorginkeria

Sorginkeria

Saez, Eider

10€

  • Diskoetxea: Baga-Biga Musika Ideiak
  • Kokapena azokan: Musikaren plaza 012-017

Deskripzioa

Eider Saez kantariak (Lazkao, Gipuzkoa, 1998) hirugarren disko luzea aurkeztu du: Sorginkeria. Proposamen sendo, ireki eta ausart honetan, artistak jauzi nabarmena egin du pop elektroniko eta urbanoaren eremura: sintetizadore ilun eta atmosferikoak, baxu sakonak eta erritmo dantzagarriak elkartu ditu, melodia zaindu eta itsaskorrak ardatz hartuta. Sustraia, espiritualtasuna eta gaur egungo soinua elkartzen dituen erritual garaikidea da lana, entzulea erakarri eta barne-indar horretara hurbiltzeko sortua.

"Sorginkeria" 2025eko bigarren seihilekoan eta 2026an zehar grabatu da Fika (Gaua estudioan) eta Oiartzun artean. Iker Villak gidatu ditu ahotsen grabaketak eta ekoizpena Gaua estudioan. Bestalde, Txusok Oiartzungo estudioan ekoitzi ditu abestiak Eider Saezekin batera, Zenbat udaberrin ekoizpenean ere egon da Danel Otegui Telleria; bertan sortu eta grabatu dira osorik "Gauak sekretu bat dauka (interludioa)" eta "Ikusten duguna ez da dagoen guztia (outro)". Kantu guztiak Eider Saezek sortuak dira; "Zurekin" abestia Mr. Lukenekin elkarlanean ondu du, eta "Gauak sekretu bat dauka (interludioa)" kantuaren hitzak eta melodia Mikel Tapiak sinatu ditu.

Diskoak kontzeptu sendo bat du ardatz: sorgina sortzen laguntzen duena da, eta baita mina moteltzen eta baretzen duena ere. Sorgin figurak emakume ahaldundu eta boteretsuak ekartzen ditu gogora: naturaren zikloak ulertzen zituztenak, sendatzeko ahalmena zutenak eta elkarri jakinduria zein intuizioa transmititzen ziotenak. Botere patriarkalak deabrututako figura hori berreskuratuz, Eiderrek bere inguruko emakumeen bidez (ama, amona…) ulertu eta aldarrikatu du sorginkeria; ez dogma edo magia ilun gisa, barne munduarekin, energiarekin eta ikusezina denarekin konektatzeko ahalmen bizi eta askatzaile moduan baizik.

Zenbat udaberri
Abesti honek diskoaren soinu-identitate berria aurkezten du. Hasiera indartsu batekin dator, Eider Saezen proposamen eraberritua lehen kolpean erakusteko. Gaur egungo mundu azkar honetan dena berehala lortu nahi badugu ere, kantuak gogorarazten digu itxaroten jakiteak, prozesuak errespetatzeak eta gauzak bere lekuan jartzen uzteak duen benetako balioa.
Betirako dela
Ekoizpen minimalistago eta zaindu batekin jantzita, bizitzako xehetasun txikiak eta une xumeak baloratzeko gonbidapena egiten du; oraina bizitzeko eta unean unekoari heltzeko deia.
Denbora guzti hontan
Reggaeton erritmoak eta pop melodiak batzen ditu kantu honek, Karol G-ren tankerako eraginak bereganatuz. Bizitzan bihotza behin baino gehiagotan hautsiko digutela jakin arren, mina igaro egiten dela eta dena pasatzen dela gogorarazten digun ereserki dantzagarria da.
Zurekin
Mr. Lukenekin egindako lankidetza. Balada pop sentikor bat izan zitekeena beste dimentsio batera daramate ukitu urbanoek eta lehen entzunalditik harrapatzen duen lelo itsaskorrak.
Gauak sekretu bat dauka (interludioa)
Diskoaren zubi esperimentala, soinuan zein egituran. Eiderrek abesten duen bertso batetik abiatuta, amaiera apoteosiko bateraino hazten da kantuaren tentsioa baliabide elektronikoen bidez. Diskoaren erdigunera iritsita, Sorginkeria-ren unibertso mistikoan murgiltzen du entzulea.
Sorginkeria
Lan osoari izena eta zentzua ematen dion abesti zentrala. Kontzeptuaren eta soinuaren ardatza da: Eiderrek bere sinesmenak, espiritualtasuna eta diskoaren izaera osoa definitzen ditu hemen, proposamenaren erdigune magiko bihurtuz.
Ilari
Eiderren amonari eskainitako kantua (Hilaria zuen izena). Ia ezagutu ez bazuen ere, beti sentitu du gertu, amarengandik jaso baitu amonaren esentzia. Emakumeen intuizioaren eta barne-indarraren kontzientzia hartzeko belaunaldien arteko transmisio hori irudikatzen du.
Egun guztiak
Diskoko kantu bereziena soinuari dagokionez. Elektronika une batez albo batera utzi eta sustraietara itzultzen da, Eiderren aurreko musika ibilbideari keinu eta aitortza eginez; melodia dantzagarri eta itsaskorrez betetako pieza argitsua da.
Agur esatea
Agur esatea ez da erraza izaten, baina askotan ezinbestekoa da aurrera egiteko. Kantu honek agurrak ikuspegi berri batetik hartzera gonbidatzen du: tristura atzean utzita, alaitasunez, esperantzaz eta etorriko denarekiko grinaz.
Ikusten duguna ez da dagoen guztia (outro)
Diskoa ixten duen outroa, lan kontzeptuala goitik behera biribiltzen duena. Soinuaren aldetik zein Sorginkeria-ren esentzia espiritualetik, begien aurrean dugunetik harago begiratzera eramaten gaitu: ikusten duguna baino askoz gehiago baitago ezkutuan.


Eider (ahotsa), Manex Rivela (bateria eta sinteak), Aitor Amilibia (gitarra) eta Julen Sagarna (baxua).


Informazio gehiago

  • Urtea: 2026
  • Euskarria: Cd
  • Sailkapena: Pop-rock