2023/10/04
Fantasia DA! Abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azoka fantasiaz beteko da. Dagoeneko 58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetik. Fantasia hura errealitate bihurtu zen, eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua da.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak antolatzaileen nahia azaldu du. “Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia”. Hain zuzen, lema horixe izango da: Fantasia DA!. Ideiaren atzean dagoen unibertsoaz hitz egin du Mujikak. “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.
Egitaraurako proposamenak
Egitarauari dagokionez, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak gogoratu du oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, webgune honetan bertan. Aurtengo edizioan, Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango da, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua egongo da.
Aurrez aurreko azokaren aldeko apustua
Bestalde, 2020an online azoka ipini zen martxan, pandemiak eragindako egoerak behartuta. 2021ean, aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren, erdibideko azoka batean. Iaz, onlineko aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. “Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”, esplikatu du Gaztelurrutiak.
Zu non, han DA!
Azokaren osteko astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaio. Ekimen honi esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan. Hauetako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dira. Liburu saltokientzat izen-ematea asteon zabaldu da.
Erakundeen eta babesleen ordezkariak, antolatzaileekin batera
Aurkezpenean izan dira Gerediaga elkarteko Nerea Mujika (presidentea) eta Beñat Gaztelurrutia (koordinatzailea) eta guneetako arduradunak: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista). Erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariak ere bai: Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Isaac Amezaga Bizkaiko Euskara zuzendari nagusia, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendari nagusia, Jone Berriozabal Arabako Euskara diputatua, Jabier Arakama Nafarroako Euskarabideako zuzendaria, Koldo Bilbao (BBK), Josean Yela (Eroski), Eider Rodriguez (Euskaltel), eta Iñaki Nubla (Konfekoop).