Azaroaren 24an eta 26an izango da DA!PRO topaketaren zortzigarren edizioa
Musika eta haurrentzako ikuskizunen arloko sortzaileak eta programatzaileak elkartuko dira Durangoko Azokaren atarian.
DA!PRO topaketaren zortzigarren edizioa izango da azaroaren 24an eta 26an, Durangoko Azokaren atarian. Musika eta haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da. Bertan, aurrez aurre ezagutzeko eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko aukera izango dute. Topaketan, euskaraz jarduten duten sortzaileek euren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta kultur zein euskara teknikariek, liburutegietako dinamizatzaileek eta jai antolatzaileek horiek ezagutu eta aztertzeko aukera izango dute. Programatzaileek azaroaren 23ra arte izango dute izena emateko aukera, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean. DA!PRO ekimenaren babesle nagusia BBK Fundazioa da, eta Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak antolatzen dute.
Zuzeneko hartu-eman horren bidez, bi helburu lortu nahi ditu topaketak: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea. Horretarako, sortzaileek euren lana eta proposamenak aurkezteko aukera izango dute, eta programatzaileek berriz, euren egitarauetarako eskaintza berriak ezagutzekoa.
Aurten, Durangoko Azokaren iruditeriak sorkuntzaren atzean dagoen lana jarri du erdigunean.
Izan ere, Durangoko Azokak bere burua Kulturaren Jaialdi gisa aldarrikatzen duen heinean, ezinbestekotzat jotzen du bere jarduna azokako egunetatik harago hedatzea eta, batez ere, azoka bera tokian tokiko kultur garapenerako baliagarria izatea. “DA! PRO kultura gizarteari bueltan emateko eta euskara indartzeko bide bat ere izan daiteke. Kultura herritarrengana ailegatzeko lan garrantzitsua egiten dute programatzaile eta teknikariek eta, horregatik, gaurko deialdia haiei zuzenduta dago”, adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak.
Haur ikuskizunen arloko topaketa Berbaro Elkarteak antolatuko du eta musikaren ingurukoa Musika Bulegoak. Jasotako proposamenak bi katalogotan txertatuko dira, eta programatzaileen esku jarriko dira, euren programazioak osatzeko.
Haur ikuskizunak
Aurten, aurrentzako ikuskizunei eskainitako jardunaldian, askotariko diziplina eta formatuak uztartzen dituzten hamar proposamen artistiko aurkeztuko dira: ipuin-kontaketa, musika, bertsolaritza, antzerkia, txotxongiloak, ilusionismoa eta malabareak, besteak beste. Jardunaldia azaroaren 24an izango da, 9: 30etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel liburutegian. Proposamenak 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta daude, eta horietako batzuek adin-tarte zabalagoetara egokitzeko aukera ere eskaintzen dute. Gainera, formatu anitzak dituztenez, liburutegi, kultura-areto eta jaietarako moldagarriak dira.
“Euskal sorkuntza ezagutarazi, harremanak sortu eta proposamen horiek gure herrietako plaza, jai eta antzokietako programazioetara iristeko bultzada eman nahi dugu”, azaldu du Itxasne Arabiourrutiak.
Honako hauek dira hamar proposamen horiek: Ortzi-mugaren bi aldeak (Ameli ipuin kontalaria) Hitzekin jolasean (Taulelak Antzerki Taldea), Bertso jasa bat-bateko jolasa (Lanku), Txuri-beltza da ta! (Lanku), Otsoko eta Xixili (Lanku), Desberdinak gara eta harro gaude (La Enananaranja), 3 Elementu – 360ºko esperientzia murgiltzailea (Hodei Produkzioak), Nai Malabarista (Nai Imaginazioak), Ameztu antzerkia - Ipurbeltz (Nai Imaginazioak) eta Kay robot (Ameztu antzerkia).
“Guretzat, kultura ez da soilik ikuskizun bat ikustea edo jarduera batean parte hartzea. Kultura esperientziak partekatzea da; jakin-mina piztea, irudimena garatzea, galderak egitea, emozioak adieraztea eta besteekin harremanak eraikitzea ere bada. Horregatik, DA! PROn aurkeztuko diren proposamenen bidez, sormenaz gozatzeko ez ezik, ikasteko, hausnartzeko eta elkarrekin bizitzeko aukerak ere zabaldu nahi ditugu”, gehitu du Arabiourrutiak.
Musika proiektuak
Azaroaren 26an, 9:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean izango da musika proiektuen txanda DA!PRO topaketan. Aurten, 24 proposamen aurkeztu dira, eta horiek gure musika-eszenaren aniztasuna eta sormen-indarra erakusten dituzte. Euskararen presentzia bereziki nabarmena da: proiektuen %95,8tan ageri da, bakarrik edo beste hizkuntza batzuekin batera.
Hauek dira aukeratutako hamar proposamenak: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l.
“Estiloei dagokienez, popak eta pop-rockak proposamenen %41,7 osatzen dute; rockak eta metalak, berriz, %25. Hiri-musikak eta folkak %8,3 bana hartzen dute, eta gainerako %16,7a jazzaren, musika klasikoaren, elektronikaren eta kantautoretzaren artean banatzen da. Gainera, aurkeztutako proiektuen ia %80 nobedade gisa identifikatu dira. Datu horiek erakusten dute gure musika-eszena bizirik dagoela, sorkuntza berriak etengabe sortzen direla eta euskarak presentzia handia duela askotariko musika-estiloetan”, azaldu du Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariak.
DA! PRO ez da musika proiektuak ezagutarazteko erakusleiho hutsa. Sektoreko profesionalekin harremanak sortzeko, proiektu berriei ikusgarritasuna emateko eta haien ibilbide profesionalari bultzada emateko aukera ere bada. “Horixe da elkarlan honen baliorik handiena: gure musika-eszenaren etorkizuna eraikitzen laguntzea, sortzaileei aukerak zabalduz”, gaineratu du Manzanok.
MusikaGazt Fest-en parte hartzeko aukera
2027ko urtarrilaren 30ean MusikaGaz Fest jaialdiaren bosgarren edizioa antolatuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko du. Beraz, hilaren 26ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera edukiko dute.
Musika Bulegoarentzat bereziki garrantzitsua da DA! PRO bezalako ekimenak Gerediaga Elkartearekin eta Amorebieta-Etxanoko Udalarekin elkarlanean garatzea. “Lankidetza horri esker, erakundeen arteko elkarlana ekintza zehatz bihurtzen dugu, eta, batez ere, sortzaile berriei benetako aukera profesionalak eskaintzen dizkiegu. Guretzat ez da nahikoa talentu berria badagoela erakustea; talentu horrek aurrera egiteko aukerak izatea nahi dugu», adierazi du Manzanok.